GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

ANALISIA

Panorama berria

Iparralde mailan, hautsia da UMP eta UDF arteko aliantza eta eragin handia izaten ahal du herri honen kudeantzan. Azken bozek erakutsi dute politikaren gosea herritarren artean, parte hartzea sekula baino handiago izan baita.

Bixente VRIGNON Kazetaria

Igandeko hauteskundeek panorama berriaren atea ireki dezakete Ipar Euskal Herrian, Bixente Vrignon kazetariaren ustez, ezkerrak gorakada izan duelako nahiz eta oraindik eskuina nagusi izan hiru herrialdeotan. Zuberoan, Baionan eta Lapurdi hegoaldean Royalek irabazi duela nabarmendu du.

Panorama berri bat erakutsi dute azken hauteskundeek Ipar Euskal Herrian, ezkerraren azkartze bat, nahiz eta eskuinaren betti buruan segitzen den. Egia da Nicolas Sarkozyren alde bozkatu dutela gehiengoan, Lapurdi, Xiberoa eta Nafarroa Behereko boz-emaileek. Baina aldi honetan, 2.153 boz bakarrik aintzina badu, joan den mendean, eskuina jaun eta jabe zegoelarik. Segolene Royal lehena kokatu dute xiberotarrek Xiberoa guzian, Baiona hiri guzian bozkatuena da, Bokalen bezala, edo Hendaian, Urruñan, Ziburun, erran nahi baita Lapurdi Hegoaldean.

Eta Nicolas Sarkozy aintzinean delarik, betti diferentzia ttipia da. Biarritzen bakarrik, eta Iholdin, oraino eremu hunki ezinak dira, bozen %58,5 eta %57 eman baitiote eskuineko ordezkariari.

Zifra horiek hurbiletik begiratzen dituzte heldu den hauteskunde orokorra prestatzen dutenek, eta haien artean, abertzaleek. Haatik zaila izanen da interpretazionea. Alde batetik, Segolene Royalen aldeko bozak ez dira, ezta urrundik ere, sozialistenak, ez eta denak ezkertiarrak ere. Hauteskunde orokor horietako aldaketa handiena François Bayrouk sorraraziko duen talde politiko berria izanen da, Mugimendu Demokrata. Bere xedea da egiazko zentro bat eraikitzea, gai dena aliantzak egiteko bai ezker, bai eskuinarekin, programen arabera. Iparralde mailan, erran nahi du UMP eta UDF arteko aliantzia hautsia dela eta eragin handia izaten ahal du herri honen kudeantzan.

Azken boz horiek erakutsi dute politikaren gosea hiritarren partetik, parte hartzea sekula baino handiago izan baita. Baina beste ondorio bat da alderdi «ttipien» desagertzea. Iparraldean ere, ehiztariak, ekologistak, troskisten alderdi ttipiak lehertuak dira, baita ere, Partidu Komunista historikoa, hiltzen dena segur aski pairatu duen zafraldiarekin. Ikusgai gelditzen dira bakarrik Liga Komunista Iraultzalaria eta eskuin muturreko Front National. Egoera antzekoa zen 2002an, eta abertzaleek orduan lortu zuten beren ahots desberdina entzunaraztea.

Politika saltsa guzi honen bazterrean, abertzaleek hamar bat hilabete daramate alternatiba berri bat prestatzeko. Azken hitzordua, 2002an, ez zen hain txarra izan haientzat, %7,5 lortu baitzuten.

Egoera nahasia zen gainera, hilabete bat aintzin Jean-Marie Le Pen eskuin muturrekoa sailkatu baitzen bigarren itzulirako. Eta abertzaleak zatikaturik, Abertzaleen Batasuna eta Batasuna justu berezitu baitziren, eta PNB eta EA elkarrekin abiatu ziren, bigarren proposamen bat egiteko.

Aldi honetan, «Euskal Herria Bai» plataforma aurkeztuko dute boz-emaileen aintzinean, AB, Batasuna eta Eusko Alkartasuna elkarturik. Zinezko lehia bat, abertzaleen boza entzunarazteko. Urte oso bat baitaramate Iparraldeko hiritarrek Paris inguruan zentratua den diskurtso bat entzuten. Berriz ere, militanteek orenak pasatu beharko dituzte esplikatzeko nola ikusten duten lur antolaketa, etxebizitzen eta lurren prezioen emendazionea ez direla fatalitate bat eta politika ez dela baitezpada etxetik urrun erabaki behar.

Lehian dute ekainean hemengo gaiak berriz lehen planoan ezartzea, eta lehen lehenik lurraldetasuna. Promesa ainitz eginak izan dira kanpainan eta heldu den gobernamenduak ainitz izanen du errateko barne antolaketa berriari buruz. Hor dago Laborantza Ganbarako auzia ere, eta Frantziaren parte hartzea deitua den «euskal gatazka»ren konponketa. Abertzaleen parte hartzearekin, hautagai bakoitzak bere iritzia eman beharko du gai guzi horiei buruz, baina abertzaleen ardura handiagoa izanen ahalko litake, emaitzen arabera.

Sortuko den Mugimendu Demokrata berri honekin, eskuina zatikaturik agertuko da boz horietan. Erran nahi baita askoz konplikatuagoa izanen zaiela Michelle Alliot, Jean Grenet, eta batez ere, Jean Lassallei hautatuak izaitea.

«Frantses demokrazia arreberritu behar da». «Ez da gehiago posible hautesleen %50 Parlamentutik kanpo uztea». «Jendeak bere iritzia eman beharko luke tokiko dosierrei buruz, erreferendumaren bidez». Frase guzi horiek entzunak izan dira kanpainaren kari, geldituko da orain horien gauzatzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo