GARA > Idatzia > Errugbia

Liga Federala

Maulek eta Nafarroak mailari eutsi ahal izateko lanean jarraitu beharra daukate

Zuberotarrek garaipen handia lortu zuten, eta helburua betetzeko ametsa gertuago ikusten dute. Nafarroa Beherekoek ere gauzak ez dituzte gaizki

Jon LEUNDA | BAIONA

Liga Federalean, Lehen Mailan, Nafarroak eta Maulek lanean jarraitu beharko dute maila nagusiari eusteko. Jardunaldi bat besterik ez da falta, eta biek dituzte onerako eta txarrerako aukerak. Donibane Lohizunek, berriz, igoera faseko lehen txanda ez du gainditu, eta agur esan dio denboraldiari.

Jaitsierako faseak zuen garrantzia asteburuan, igoerakoan dena erabakita baitzegoen. Bi jardunaldi falta ziren, eta bi emaitza oso ezberdin batu dira. Maulek irabazi egin du, eta mailari eusteko itxaropena gehitu da. Nafarroak kontrakoa egin du, galdu egin baitu, eta zalantzak piztu ditu.

Mailari eusteko borroka horretan, Maulek Mazamet hartu zuen, eta irabazteak beste ezerk ez zion balio. Talde zuri-gorriak ez zuen hutsik egin, 19 eta 12 hartu baitzuen mendean talde frantsesa. Partida ona egin zuten zuberotarrek, eta kostata izan baldin bazen ere, merezitako garaipena erdietsi zuten. Entsegu bat, transformazio bat eta lau zigor-kolpe egin zituen Maulek. Jardunaldi bakarra geratzen zaie, eta hura nahitaez irabazi behar du, inora begira egon beharrik gabe mailari eutsi ahal izateko.

Nafarroak Marmanden jokatu zuen larunbatean, eta han irabazi izan balu, ia mailari eusteko modua eginda izango zuen, baina Nafarroa Beherekoek 31 eta 17 galdu zuten, eta azkeneko jardunaldian irabazi behar dute ezusterik izan nahi ez baldin badute. Seychalek eta Fagouetek egin zituzten hori-gorrien bi entseguak, eta Zelanek bi transformazio eta zigor-kolpe bat gauzatu zituen.

Igoera fasean, lehen txandaren azken jardunaldia zen, baina Donibane Lohizunek ez zuen inongo aukerarik aurre egiteko, eta azken partidan etxean berdindu zuen Nimesen aurka, 16 eta 16. Txaskok egin zuen gorri-berdeen entsegu bakarra, eta Elizondok transformazio bat eta hiru zigor-kolpe gauzatu zituen. Aurten ere ezin izan dute lapurtarrek Pro 2ra igo, eta heldu den urtean egin beharko dute beste ahalegin bat.

Bokale, kanpora

Bigarren Mailan izan da asteburuko berririk txarrena; izan ere, Bokalek ezustean agur esan baitio lehiaketari. Bigarren faseko lehen kanporaketa zuen, eta Niorten aurka jokatu zuen. Lapurtarrak aurkaria baino gehiago izan ziren, baina hutsegite gehiegi egin zituzten, eta azkenean kanpoan geratu dira. Capdupuy da beltzen jaurtitzailea. Normalean huts gutxi egiten ditu, baina herenegun ez zuen egunik onena izan, eta inork uste ez zuenean kanpoan geratu da. 8-6 galdu zuen, eta emaitza horrek berak argi eta garbi uzten du partida ez zela oso ona izan. Capdupuyk berak egin zituen partidako euskaldunen puntu guztiak bi zigor-kolpe gauzatuta.

Hirugarren mailan, hiru euskal talde ari ziren igoera fasea jokatzen, eta bakarrak egin du aurrera. ASB Baionako talde handia izandakoak berriro ere izan zena izatera heldu nahi du, eta oraingoz bide onetik doa. 19-9 irabazi zion Saint Cermini, eta hurrengo kanporaketan izango da. Salaberrik egin zuen berde-moreen entsegua; eta Agerrek, berriz, transformazio bat eta lau zigor-kolpe gauzatu zituen.

Angeluk eta Hendauiak, aldiz, denboraldia amaitu dute. Angeluarrek 11-9 galdu zuten Villenauve taldearen aurka. Legallek egin zituen puntu guztiak hiru zigor-kolpe gauzatuta.

Hendaiak, aldiz, 20 eta 12 galdu zuen Le Buguerren zelaian, eta horrek ere amaitu du denboraldia. Anthianek egin zituen lapurtarren puntuak lau zigor-kolpe gauzatuta.

Bestalde, Hirugarren Mailari eusteko kanporaketan, 14-8 galdu zuen Larresorok Campbretonen aurka, eta heldu den urtean berriro ere galdutakoa berreskuratzeko lanean hasi beharko du ahalik eta azkarrena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo