36ko Eliza, botere politikoaren bila
Uste izatekoa da edozein katolikorentzat gotzain baten zeregina ez dela eliztarren bozka bideratzea. Hala ere, Iruñeko artza- pezpiku Fernando Sebastianek ez du berdin pentsatzen. Eta, bideratu ez ezik, indar politiko jakinak seinalatu ere egiten ditu. Indar horiek, edozein hauteskundetara aurkez badaitezke ere, ez dira nabarmentzen beren ideia demokratikoengatik, hain zuzen, ez frankismoak markatutako beren tradizioan, ez gaur egun ere. Izan ere, artzapezpikuak, joan den hilean Leonen egin zuen hitzaldi batean, talde politiko horiek aintzat hartzeko eta sustengua emateko modukoak direla esan zuen. Comunion Tradicionalista Catolica, Alternativa Española, Tercio Catolico de Accion Politica eta Falange Española de las JONS taldeek bozka justifika dezakeen testigantza-balioa dute, Sebastianen arabera.
Eskuin muturreko talde horiei sostengua emateaz batera, Askapenaren teologiaren kontra egiten du bere hitzaldian, katoliko askok erlijio hori utzi izana egotziz, Fedearen Doktrinarako Kongregazioak Jon Sobrino teologoari oraindik orain ezarri zion zigorrarekin bateratsu. Beharbada, artzapezpikuari ez zaio bururatu bere eta bere Elizaren hierarkiaren jarrerak zerikusi handiagoa izan dezaketela uzte horietan. Elizak espiritualtasunaren eremua eskatzen du beretzat, baina ez dio uko egiten gainerako arloetan ere, presente egoteari ez ezik, erabakitzeko ahalmena izateari ere, hala ekonomian nola politikan. Iruñeko artzapezpikuak argi eta garbi adierazten du hori botere gune politikoetan galdu duten eragina deitoratzen duenean.
Nafarroako Elizaren burua, bestalde, tenpluen pribatizazioa, azken aldion albiste izan dena, sustatu zutenetakoa da. Orain, bozka eskaera hainbat adierazpen polemikoren ondotik dator, hala nola, homosexualitatearen eta instsumisioaren aurka, eta joan den urtean trikornio bat jantzita agertu ondoren. Leongo hitzaldian esandakoek, azkenik, Nafarroako Elizaren hierarkiaren irudi argia ematen digute: 36ko Elizarena.