GARA > Idatzia > Euskal Herria

Guardia Zibilaren sarekadaren ostean, 15 lagun auzipetu dituzte

Tortura zantzu garbiak utzi zituzten martxoaren amaieran eta apirilaren hasieran Guardia Zibilak Gipuzkoan eta Nafarroan eginiko operazioaren osteko atxiloketek. Atzo, Auzitegi Nazional espainoleko Ismael Moreno epaileak hamabost lagun auzipetu zituen ETArekin zerikusia dutelakoan. Horietatik seiren kontra bilatze eta atxilotzeko agindua eman zuen.

GARA |

Hamabost euskal herritar prozesatzeko autoa plazaratu zuen atzo Auzitegi Nazional espainoleko epaile Ismael Morenok. Hamabost horietariko sei, ihes eginda dauden pertsonak dira, eta, horrenbestez, horiek bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman zuen.

Morenok «talde armatuko partaide» izateagatik Garikoitz Aspiazu, Joseba Lerin, Leire Lopez, Alejandro Zobaran, Ekaitz Agirre, Arkaitz Agote, Juan Karlos Herrador, Iñaki Lerin eta Sergio Lezkano auzipetu ditu. Horiekin batera, eta «talde armatuarekin kolaborazioa» delitua leporatuta, epaile espainolak Iñaki Imaz, Lorea Agirre, Joseba Pabon, Lorea Irigoien, Iñigo Orue eta Unai Lamariano pro-zesatu ditu. Sei horiei «lanzadera» lanak egin izana leporatzen die, ustez lehergailuak garraiatu izanagatik.

Neurri horien guztien jatorria martxoaren 28aren eta apirilaren 2aren artean Gipuzkoan eta Nafarroan Guardia Zibilak egin zituen hamaika atxiloketetan dago. Hamaika pertsona horietatik bi aske geratu ziren eta beste guztiak kartzelara bidali zituzten Auzitegi Nazionalet5ik igaro ostean.

Hala ere, polizia operazio horrek utzitako arrasto nagusia torturarena izan zen. Atxilotu gehienek torturak eta tratu txar basatiak salatu zituzten. Besteak beste, Arkaitz Agote donostiarrak besoa apurtuta zeukala bukatu zuen inkomunikazio epea; Itziar Agirrek biluztarazi egin zutela eta joera sexualeko hainbat ukitze pairatu behar izan zituela adierazi zuen; Juan Karlos Herrador bere goitika miazkatzera derrigortu zuten; eta Sergio Lezkanok birritan bortxatu zutela salatu zuen. Gainera, denek, buruan, bizkarrean edota barrabiletan kolpeak jaso zituztela eta «poltsa» jasan zutela nabarmendu zuten.

Egoera horren aurrean, ezker abertzaleak kritika gogorrak egin zizkion Gobernu espainolari. Askatasunak nabarmendu zuenez, «arazoa ez dago atxiloketetan soilik, baizik eta horiek erakundeak kriminalizatzeko erabiltzean». Horrela, «independentismoaren aukera kriminalizatzeko, torturaren aterkia erabiltzen» dutela salatu zuen. Horrekin batera, errepresioaren aurkako erakundearen aburuz, «Euskal Herriak bizi duen gatazkari bukaera ematen ez zaion bitartean, ez da torturarekin bukatuko»; izan ere, Askatasunaren ustez, «gure herrian, tortura gerra erreminta bezala erabiltzen baita».

Bestalde, Batasunaren esanetan, «tortura horiek Zapateroren Gobernuak prozesua bide demokratikoetan jartzeko duen ezintasunaren aurrean erabiltzen duen indarkeria legalaren beste adierazle bat» izan ziren.

Askotariko dokumentazioa

Atzo hainbat hedabidek zabaldu zutenaren arabera, Morenok plazaratutako epaiak Arkaitz Agoteren etxean «Gobernu espainolarekin, PSOErekin eta EAJrekin izandako elkarrizketa eta negoziazioen inguruko dokumentazioa» zegoela dio. Dena den, informazio horiek ez zuten inolaz ere zehazten dokumentu horiek erakunde armatuarenak zirenik. Horrekin batera, ebazpen judizial horren arabera, «flash moduko memoria txartel bat» aurkitu ei zitzaion. Gainera, Hernaniko lokal batean ETAren aldizkari «Zutabe» «andana» izatea egotzi dio.

Bestalde, atzo iluntzean euskal preso politikoen eskubideen aldeko mobilizazioak izan ziren. Esate baterako, 41 lagun bildu ziren Laudioko elkarretaratzean, 28 Berangokoan, 15 Bermeokoan, 15 Eubakoan, 55 Iurretakoan, eta 100 Ondarroakoan. Beste 25 bildu ziren Bilboko auzo Otxarkoagan, 26 Donostiako Altzan, 18 Sopelan, 24 Astigarragan eta 20 Ataunen.

tortura

Guardia Zibilak atxilotutako hamaika herritarretatik, bederatzik kartzelan bukatu zuten. Inkomunikazio garaian torturak eta tratu txarrak jasan zituztela salatu zuten guztiek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo