GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gutxienez, beste bost emakumek jasan dituzte tratu txarrak asteburuan

Bost gizonezko atxilotu dituzte azken egunetan bikotekideak jipoitu dituztelako. Orotara, hiru izan dira Bilbon bertan preso hartutakoak, beste bat Gasteizen eta bosgarren bat, berriz, Burlatan.

GARA |

Emakumeen kontrako indarkeriak ez du etenik. Asteburu honetan bertan gutxienez beste bost emakumek jasan behar izan dituzte tratu txarrak. Bilbon, esaterako, hiru lagun atxilotu dituzte bikotekideak jotzeagatik.

Lehen erasoa larunbat gauean gertatu zen hiriburuko Santutxu auzoan. Gizonak biko- tekidea ileetatik hartu eta paretaren aurka bota zuen, atzo jakinarazi zutenez. Erasoak eragindako zauriak sendatze aldera, emakumea larrialdietara eraman behar izan zuten eta gizonezkoa, 41 urteko C.M., atxilo eraman zuten.

Ordu batzuk geroago, Deustuko Ramon y Cajal kalean, gizonezko batek emaztea jipoitu zuen. Horrek geroago udaltzainari aitortu zionez, senarrak hainbat masaileko eta ostiko eman zizkion eta ondoren lurrera jaurti zuen. Tratu txar delitua egotzita, 35 urteko M.L.C. erasotzailea atxilotu zuen hiriburuko Udaltzaingoak.

Igande gauean, berriz, Bruno Mauricio Zabala kaleko ostatu batean emakumezko bati mutil-lagunak egin zion eraso. Ostatuko jabeak deitu zion Udaltzaingoari, eta horrek 25 urteko gaztea atxilotuta eraman zuen.

27 urtekoa da, berriz, neskalaguna jo zuelako Gasteizen atxilotutako gaztea. Hiriburuko udaltzainek abisua jaso zuten Jesus Guridi kalean gizon bat neska bat jotzen ari zela esanez. Udaltzainek esandakoaren arabera, bertaratzean, gazteari identifikatzeko eskatu zioten, eta hark eraso egin zien. Testiguek mutilak neskari masailekoak eman zizkiola eta lurrera bota zuela adierazi arren, erasoa jasan zuen emakumeak ukatu egin zuen eta ez zuen salaketarik jarri nahi izan.

Horiek ez dira izan, ordea, emakumearen aurkako indarkeria kasu bakarrak. Burlatan 32 urteko gizonezko bat, O.L.Z., bikotekideari eraso ziolako atxilotu zuen Udaltzaingoak. Emakumea bera bertaratu zen udaletxeko bulegoetara, bikotekideak eraso ziola eta behin eta berriz mehatxatu izan duela salatzeko.

gazteak

Emakumeen kontrako indarkeria delitua egotzita asteburu honetan atxilotutako bost gizonezkoek 25 eta 41 urte bitartean dituzte.

testiguak

Gasteizko kalean erasoa ikusi zuten testiguek eman zuten abisu. Mutilaren aurkako salaketarik ez jartzea erabaki zuen ondoren neskak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo