GARA > Idatzia > Gutunak

martin beramendi Oiartzungo alkatea

Porrotaren hotsa

Oiartzungo Udalak legealdi honetan herrirako plangintza urbanistiko berria landu eta onartu du. Onarpen honi esker, 747 oiartzuarren etxebizitza beharrari erantzuteko gai izango gara. Udal Etxebizitza Eskatzaileen Erroldan alta emanda dauden bizilagun hautatik 634 Etxebideren Babes Ofizialeko Etxebizitzen zerrendetan daude, gainontzekoak etxebizitza tasatuen eskatzaileak dira. Hurrengo 15 urteetarako plangintza urbanistikoak 1.800 etxebizitzetarako lurzoru erreserbak aurreikusi ditu, hauetatik 970 babestutako etxebizitzetarako izango direlarik, 677 Babes Ofizialeko Etxebizitzak eta 293 Babestutako Etxebizitza Tasatuak.

Herritarren beharrei zuzendutako politika erreala da Oiartzungo Udalan legealdi honetan egin duguna. Herritarren ongizatea helburu, EA eta EAJ alderdiek sostengatutako udal gobernuaren eguneroko lanak Batasunaren porrota agerian utzi du. Batasunak Oiartzungo Udalean 16 urtez gobernatzen egon ondoreneko emaitza etxebizitza babestuaren beharra duten 747 oiartzuarrak dira. Xabier Iragorri eta berak ordezkatzen duen alderdiaren porrota benetan izugarria da.

Oiartzunek azkeneko 16 urteetan eduki duen biztanleriaren hazkundea %17koa eta etxebizitzen hazkundea %40koa izan da. Etxebizitza hazkunde hau, gainera, bereziki auzoen artean eman da. Era horretan Oiartzungo paisaia eraldatuz eta herriak duen auzoen estruktura desitxuratuz. Egin den etxebizitza dentsitate baxukoa izan delako, honek baita ere, udal zerbitzuen kostuen garestitzea ekarri du eta beste zerbitzuak zeharo zaildu ditu. Hau guztia gutxi balitzateke, gainera, orain arteko Batasunaren politika urbanistikoak etxebizitzaren garestitze tendentziak areagotu ditu, merkatuan jarri duen produktua tamaina eta kostu handikoa izan delako. Politika urbanistiko honen porrotaren lekukoak betiko auzoak izan dira, hauek behar dituzten azpiegitura eta dotazioak alde batera behin eta berrio Batasunaren gobernu ezberdinak nola utzi dituen ikusi baitute.

Oiartzungo Plangintza Urbanistiko berriaren aurka Batasunak dituen argudioak benetan penagarriak dira. Xabier Iragorrik ez du bere porrotaren hotsa entzun nahi eta horregatik inongo oinarririk gabeko asmakizunak erabili behar ditu argudio modura.

OiartzunBai herri zerrendaren helburua herritarrak dira, hauen arazoak konpontzea eta bizi kalitatea hobetzea alegia. «Gatazkaren» lainopean beraien porrota nahiz gabeziak estaltzen dituztenen aurrean, OB herri zerrendaren aukera Oiartzun da, gure herri hau egunero-eguneroko lana- rekin aurrera ateratzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo