GARA > Idatzia > Mendia

eski alpinismo Goi mailako azken lasterketa

Emakumezkoak Mezzalamako protagonistak

Francesca Martinelli, Gloriana Pellissier eta Roberta Pedranzini italiarrek 26 minututan ondu zuten aurreko errekorra. Mutiletan, Guido Giacomelli, Jean Pellissier eta Florent Troilleten taldea gailendu zen.

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Pasa den apirilaren 29an, Mezzalama eski alpinismoko lasterketak, «maratoi zuriak», cum laude eman zion amaiera aurtengo denboraldiari. Inolako ezbairik gabe, XVI. aldia errekorren ekitaldia izan da. Errekorra parte-hartzaileen kopuruan (ia 800 eskiatzaile), errekorrak denboretan, errekorra kalitatean... Goi mailako azken proba zen, eta Europako espezialista onenek amaiera bikaina eman nahi zioten denboraldiari. Han ziren, jakina, aurtengo egutegian den-dena irabazi dutenak; hots, Mezzalamako faboritoak. Azken saria etxera eraman nahi zuten eta, hori lortu ahal izateko, aurreko astean girora egokitzen izan ziren, 4.000 metrotik gora lehiatu behar baitziren.

Cervinia eta Gressoney La Triniteren arteko 45 kilometroko ibilbidea; 6.000 metroko desnibela; Breithorn lepoa (3.826 m), Castor (4.226 m), Quintino Sella aterpea (3.585 m) eta Nasso de Lyskamm (4.000 m) bezalako gainak gainditzea... Horixe zen dastatu beharreko menua.

Arestian aipatu dugunez, emakumezkoak izan ziren izar nagusiak. Gloriana Pellissier, Roberta Pedranzini eta Francesca Martinellik osatutako taldeak aise irabazi zuen, eta, horrez gainera, aurreko errekorra 26 minututan hautsi zuten. Hori bai, aitortu beharra dago nesken mailan ez zela ia emoziorik izan. Italiarrak, aurtengo Munduko Kopako zein Pierra Mentako txapeldunak, aise gailendu ziren. Hasiera-hasieratik tropelaren buruan jarri ziren, eta ez zuten batere arazorik izan ekitaldi hau irabazteko. Emoziorik ez, baina kontuan hartu behar dugu hiruko sokada horrek maila gorena duela. Izan ere, sailkapen nagusian (mutilak tartean) lehenengo 30en artean geratu ziren 5:37:46 denborarekin. Horrez gainera, gogoratu beharra dago jaitsierako azken 700 metroko desnibela oinez egin behar izan zutela, ez baitzegoen elurrik. Zenbatean hobetuko ote zuten errekorra?

Atzetik, bigarren postuan, beste hirukote handi bat: Corinne Favre, Natalie Bourillon eta Veronique Lathuraz. Frantsesak 47 minutura geratu ziren. Hirugarrenak, 6:28:13 denborarekin, Judith Grassl, Stefanie Koch eta Silvia Treimer alemanak izan ziren.

Lehia estua

Mutiletan, bai, lehia parekatuagoa bizi izan zen. Jakina, maila horretan ere denboraldiko onenak izan ziren. Aurretik girora egokitzen, motorra puntu-puntuan jartzen... eta, oro har, talde indartsuenek ez zuten hutsik egin. Faboritoen artean, talde «nahastu» bat: Guido Giacomelli eta Jean Pellissier italiarrak eta Florent Troillet suitzarra. %100ean asmatu zuten osaketan zein nahasketan: Giacomelli Pierra Menta irabaztetik zetorren, Pellissier eskarmentu handiko espezialista da eta Troillet indar handiko gaztea.

Helburuan bete-betean jo zutela argi dago, beraiek izan baitira aurtengo irabazleak. Hala ere, ez zuten batere erraza izan. Izan ere, sailkatutako bigarren (Florent Perrier, Gregory Gachet eta Patrick Blanc frantziarrak) eta hirugarren taldeek (Manfred Reichegger, Dennis Brunod eta Denis Trento italiarrak) oso indartsu jardun zuten.

Irteera esplosiboa egin ondoren, frantsesak lehenengoak izan ziren lehenengo kontrol gunean, Breithorn lepoan. 1.800 metroko desnibel horretan tartea atera zieten, baina italiar-suitzarren sokadak bosgarren martxa jarri, eta Castorreko gailurrean 3 minutuko aldea atera zien frantsesei. Hortik aurrera, ez zuten estuasun handirik izan eta lehenengoak izan ziren helmugan 4:22:41 denborarekin. Errekorretik lau minutura geratu ziren, baina, aurreratu dugun legez, 700 metro desnibeleko azken jaitsiera oinez egin behar izan zuten. Elurrarekin ziur aski gaindituko zuten. Frantsesak, bigarrenak helmugan, 10 minutu eta 39 segundora iritsi ziren, eta italiarrak hirugarrenak, 4:39:09 denborarekin.

Bestalde, helmuga puntura iritsi ziren 200dik gora taldeetatik bi hemengoak ziren. Jakina, beste lasterketa bat egin zuten. Aloña Mendi taldeko Iban Letamendi, Aitor Otxoa eta Fernando Monasteriok 7:34:01 behar izan zuten 45 kilometroko ibilbidea egiteko; 133.ak izan ziren. 150. postuan, berriz, Anaitasuna-Bidebieta mendi taldeetako Fermin Illarregi, Izaskun Zubizarreta eta Carlos Imirizaldu geratu ziren 7:54:59 denborarekin.

cum laude

Goi mailako azken proba zen, eta Europako espezialista onenek amaiera bikaina eman nahi zioten denboraldiaria. Han ziren, jakina, aurtengo egutegian den-dena irabazi dutenak

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo