GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Euskarari zor zaiona» zerga-eragozpenerako kanpaina aurkeztu dute

Errenta aitorpena egitean euskararen aldeko zerga-eragozpena egiteko eskatu zuten atzo. Horretarako kanpaina aurkeztu zuten Iruñean euskararen aldeko hainbat eragilek. Aurten bildutako dirua euskara ikasleentzat bekak mantentzeko eta Iruñerrian euskal hiztunen sareak osatzeko erabiliko dela jakinarazi zuten. Iaz lortutakoarekin euskara ikasle helduentzako bekak mantendu eta sei hizkuntzatan etorkinei zuzendutako gida bat argitaratu ziren.

GARA |

«Euskarari zor zaiona» kanpaina aurkeztu zuten bertze urte batez atzo Iruñean. Kanpaina horren helburua errenta aitorpena egiterakoan jendea euskararen aldeko zerga-eragozpena egitera animatzea da. Egitasmo horren bidez bildutako dirua euskara laguntzeko bideratuko da. Aurtengoan euskara ikasten ari direnentzat beka funtsa mantentzeko eta Iruñerrian euskal hiztunen sareak osatzeko abiatutako Mintzakide egitasmoa laguntzeko erabiliko dela azaldu zuten. Joan den urtean lortutakoarekin euskara ikasle helduen beka funtsa mantendu eta etorkinei zuzendutako oinarrizko gida bat argitaratu zuten.

Gida hori sei hizkuntzatan idatzia dago: euskara, gaztelera, frantsesa, ingelesa, arabiera eta txinera. Gidaren helburua herrialdera ailegatutako herritarrek euskararen berri izatea eta ikasi nahi izanez gero, nora jo behar duten jakinaraztea dela azaldu zuten. Iaz 250 lagunek egin zuten euskararen aldeko eragozpen fiskala eta ia 8.000 euro jaso ziren. Beka funtsaren egitasmoarekin berriz, 4.500 euro banatu zituzten hogei bekatan. Kanpaina Nafarroan euskararen alde lanean ari diren hainbat eragilek eta sindikatuk antolatzen dute: Oinarriak, AEK, LAB, Karrikiri, IKA, ESK, Euskara Kultur Elkargoa, Nafarroako Ikastolen Elkartea, Sortzen-Ikasbatuaz eta STEE-EILASek.

«Herritarren hizkuntza eskubideen, Nafarroako kulturaren eta euskararen aldeko protesta ekimena» bezala aurkeztu zuten, eta «izaera eraikitzailea eta zibikoa» duela azpimarratu zuten. Lau urte daramatzate ekimen horrekin.

Kanpainan eskatzen diren eragozpen fiskala egiteko bi aukera daudela azaldu zuten. Zatikako ordainketa egin nahi izanez gero, aldez aurretik «Oinarriak-Euskalgintza» izenburuarekin Euskadiko Kutxan diru sarrera egin eta ordainagiria atxiki behar da. Bigarren aukera aitorpena era arruntean egitea da. Berezitasuna diru sarreraren ordainagiria zuzenketa instantzia bati atxikitzea da. Lehenengo aukera gomendatu zuten antolatzeileek.

Aitorpena etxean egina jaso dutenei aipatutako bi moduetako baten bidez berregiteko gonbitea egin zieten. Informazio gehiago nahi izanez gero antolatzaileak diren elkarteen bulegoetara jo edo ondoko helbidean begiratu daiteke: www.euskararizorzaiona.info

UPNren eta CDNren jarrera

Ekimena abian jartzeko arrazoiak UPN-CDN Gobernutik euskararen kontra egiten diren erasoak direla jakinarazi zuten. Horiekin bereziki kezkatuta jarraitzen dutela ere adierazi zuten. Arrazoi linguistikoak direla-eta herritarrak baztertzea gaitzetsi zuten, Giza Eskubideen Kartan bildutako eskubidea izan arren betetzen ez dela salatuz. Etxean jasotako aitorpenak gaztelera hutsean izaten segitzen dutela jarri zuten adibidetzat. Gobernuak «politika ustelak» erabiltzen dituela eta bertako «kultur ondarea ahitzeko» egindako ekintzak salatu zituzten.

ia 8.000 euro

Joan de urtean egindako kanpainarekin 250 lagunek euskararen aldeko zerga-eragozpena egitea lortu zuten. Guztira ia 8.000 euro bildu eta horiekin hainbat egitasmo bultzatu eta lagundu ahal izan ziren.

eraikitzailea

Egitasmoak izaera «eraikitzailea eta zibikoa» duela nabarmendu zuten eta «herritarren hizkuntza eskubideen, Nafarroako kulturaren eta euskararen aldeko protesta ekimena» ere dela adierazi zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo