GARA > Idatzia > Alaves

Arazo fisiko ugari talde gasteiztarrean

John Aloisiz gain bederatzi jokalari daude min hartuta

Australiarra gaur irtengo da erietxetik atzo operatu ostean eta lau edo bost aste beharko ditu osatzeko

Jon ORMAZABAL | GASTEIZ

Urtean zehar egindako prestaketa lan kaskarra bere ondorioak ekartzen ari da Alavesera, eta ziurrenik kamiseta txuriurdina berriro jantziko ez duen John Aloisiz gain, beste bederatzi jokalarik arazo fisiko desberdinak dituzte taldeak jokoan horrenbste duen liga amaiera honetan. Maila desberdineko arazoekin, Arthuro, Jandro, De Lucas, Pablo Casar, Elton, Porato, Carpintero, Ogbeche eta Gondra gazteak ezin izan zuten atzoko entrenamendua normaltasunez osatu.

Arazorik larriena, ezbairik gabe, John Aloisirena da. Hainbat astetan minez egon ostean, aurrelari australiarrari atzo goizean ebakuntza egin zion Mikel Sanchez sendagileak Gasteizko La Esperanza erietxean eta lau edo bost aste eman beharko ditu entrenatu gabe, beraz, oso litekeena da Alavesen berriro ere ez jokatzea. Ezker belauneko meniskoa zuen min hartuta auarrelariak eta Alavesekin zuen kontratua ekainean amaitzen zaionez, oso zail izango du berriro ere Mendizorrotzako taldearekin minuturik jokatzea.

Baina Aloisirena ez da, ezta gutxiago ere, talde gasteiztarreko medikuek duten arazo bakarra. Stephane Poratok esaterako, hatz batean min hartu zuen larunbateko partidan eta hamar egun inguru eman beharko ditu atezain lanik egin gabe. Atzo hainbat ariketa egin zituen gainontzeko taldekideekin, beti ere eskuak landu gabe.

Santi Carpintero erdilariak, bere aldetik deskaraga lanak egin zituen eta entrenamenduaren amaieran bere kasa korrika aritu zen, beraz oso zail du larunbateko partidarako prest egotea. Ogbeche eta Eltonek asteak daramatzate min hartuta eta euren lesioetatik osatze bidean dira, baina oraindik ez dira normaltasunez entrenatzeko gai. Brasildarrak gainonztekoekin lan fisikoa egin ahal izan zuen eta afrikarra bere kasara aritu zen, tratamendua jaso eta bizikleta estatikoan.

Gondra gazteak ezker oina handituta dauka kolpe baten erruz eta horren erruz inflamazioa kentzeko ariketak egiten eman zuen goiza. Arthuro, De Lucas, Jandro eta Pablo Casarrek ez dute ezer larririk eta entrenamentu guztia osatu zuten, baina lau jokalariek hainbat molestia dituzte.

Porato

Atezain frantziarrak hatz batean min hartu zuen larunbateko partidan eta hamar egun eman beharko ditu baloia eskuarekin hartu gabe, nahiz eta alor fisikoa gainerako taldekideekin landu ahal duen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo