GARA > Idatzia > Herri-kirolak

xiba Euskal Herrien arteko Euskal Jokoak

Asteasuko taldea nagusi izan zen Bergarako jaialdian

Hernani bigarren postuan sailkatu zen, Beasainekin, Idiazabalekin eta Zizurkilekin estu lehiatu ondoren

GARA | DONOSTIA

Herrien arteko euskal jokoen beste jaialdi bat antolatu zuten joan den larunbatean. Oraingoan, Xiba ekimenean prestatutako probak Bergaran egin zituzten. Printzipioz, Aranzadi ikastolako jolastokian izatekoa zen jaialdia. Azkenean, ordea, eguraldi kaskarra zela-eta, ekimena Bergarako pilotalekura lekuz aldatu zuten. Lekuak leku, haur, gazte eta heldu anitz bertaratu ziren pilotalekura parte-hartzaileak animatzera eta festaz gozatzeko.

Guztira, zortzi herrik hartu zuten parte jokatutako probetan. Asteasuko taldea izan zen erregularrena. Izan ere, bederatzi probetan lortutako puntuak batuz gero, puntu gehien lortu baitzituen. Orotara, 1.043 puntu. Garaileek xiba, jaso-altxa eta sokatira probetan -azken bi horietan, haien bizilagun Zizurkilekin berdinduta- irabazi zuten. Gainerako saioetan hirugarren postua izan zen lortutako emaitza «kaskarrena».

Sokatiran, Zizurkilekin berdintzeaz gain, Idiazabalekin eta Beasainekin ere bat egin zuten lehen postuan. Erregulartasun horrek garaipena eman zien Asteasukoei, Hernaniren aurretik. Horiek dantzan eta auzolanean lehenak izan ziren. Era berean, bigarren geratu ziren xiba eta birletan. Musean, ordea, azken- aurrekoak izan ziren, eta hor puntu garrantzitsuak galdu zituzten. Azkenean, 1.021 puntu batu zituzten, Beasainek baino bat gehiago -azken horretan Asteasu, Idiazabal eta Zizurkilekin berdinduta-; birletan eta sokatiran garaile izan zen.

Zizurkilen hordagoa

Bergarako podiumaren hirugarren postua, beraz, Besaingo taldearentzat izan zen. Laugarren, aldiz, Idiazabal izan zen (1.017 puntu). Lehen esan bezala, sokatiran beste talde batzuekin lehena geratu zen. Horrez gain, Goierrikoek arpana proba irabazi zuten.

Bosgarren postuan Zizurkil geratu zen (1.016); hots, musean abilena. Zizurkildarrek tokan erakustaldia egin zuten, Beasainen aurretik. Aurretik sailkatu zirenetik oso gertu geratu zen, bigarren postua bost puntura izan baitzuen. Seigarren postuan Egiatik etorritako taldea sailkatu zen (985 puntu). Zazpigarren, berriz, Azpeitiko lagunak izan ziren (970 puntu). Azkenik, zortzigarren Zarauzko taldea geratu zen (952 puntu).

Proben ostean, afaria egin zuten Artatse elkartean

Egunean prestatutako probak amaitutakoan, Bergarako jaialdiari behar bezalako amaiera ipintzeko, Artatse elkartean afaria egin zuten parte-hartzaileek. Antolatzaileek azaldutakoaren arabera, umore ederrean egin zuten, eta afalostean ordu txikiak arte jarraitu zuen jendeak parrandan.

Antolatzaileek laguntzaileei eskertu diete

Xiba proiektuko lan-taldeko lagunek jaialdia antolatzeko laguntza eman zutenei eskertu zieten atzo GARAri bidalitako prentsa adierazpen baten bitartez. Kilometroetako lagunak, Aranzadi ikastolako gurasoak, udal teknikariak, Artatse elkartea eta parte hartu zuten taldeak izan zituzten gogoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo