Sega Nazioarteko lehiaketa
Euskaldunak Alemaniako torneo batetan izango dira
Hiru neska, eta lau mutil izango dira Euskal Herria ordezkatzen datorren larunbatean eta igandean Friburgo inguruan jokatuko den lehiaketan
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Datorren larunbatean abiatuko da segalarien aurtengo denboraldia, eta Alemanian izango da gainera. Bertan nazioarteko lehiaketa izango da, eta han izango dira euskal ordezkariak.
Almintza elkarteak jaso zuen bertara joateko gonbitea, eta ez diote ukorik egingo. Besteak beste, Bavierako, Hego Tirolgo, Austriako Frantziako eta Bodewutembergeko segalariak ere han izango baitira.
Euskal Herritik hiru emakumezko eta lau gizunezko izango dira. Nesketan, Gabirondo, Ansa eta Geresta izango dira Euskal Herria ordezkatuko duten kirolariak, eta Altzo, Mitxelena, Amillano eta Mendela izango dira Alemaniara joango diren gizonezkoak.
. Nafarroako, Gipuzkoako eta Laurdiko kirolariak izaango dira euskaldunen artean. Umeek ere egingo dute erakustaldi bat, eta han ere izango da euskaldun bat.
Saioak larunbatean hasiko dira, eta bakarkako lehiaketa izango da sega txikiarekin, gehienez ere 34 ontzako sega izan beharko du. Emakumezkoak eta gizonezkoak izango dira lanean.
Igande goizean sega libreko txapelketa izango da, eta hori ere bakarkakoa izango da. Arratsaldean ere sega libreko lehiaketak aurrera jarraituko du, baina taldekakoa izango da, eta seguruenik ere bera izango da ikusgarriena.
Hemendik doazen kirolariek, ordea, ez dira segan bakarrik arituko, izan ere igande eguerdiko eta arratsaldeko saioa bitartean, aizkorako saioa ere jarriko baitie antolatzaileek. Altzo, Almintza elkarteko ordezkariak esan zuenez, bera izango da aizkoran arituko denetako bat, eta Amillano eta Mitxelena ere izango omen dira, eta laugarrena alemaniar bat izango omen da. Seina kana-erdiko erdibitu beharko omen dituzte txanda librean.
Euskaldunen aukerak
Altzo, Almintza elkarteko ordezkaria, eta bertan izango den segalariak, GARAri, euskaldunek han izan dezaketen aukerei buruz hitz egin zun. «Ez da erraza izango. Gu ahalik eta lanik onena egitera goaz, baina ikusiko dugu zerbait egiten dugu. Gure lehen helburua parte harztea da. Kanpotik datozen gonbidapen guztiei baiezkoa ematen diegu, kanpora joatea garrantzizkoa baita guretzat. Han, ahalik eta lanik onena egiten saiatuko gara. Nire ustez emakumezkoetan izango ditugu aukerarik gehien. Gabirondo oso ongi doa, gogo handiarekin ari da entrenatzen, eta uste dut zerbait lortu dezakela», esan zuen..
Euskaldunak etzi arratsaldean abituko dira Alemania aldera, eta iluntzean bertan izango dira, Friburgo inguruko herri batetan jokatuko da, eta han igaroko dituzte egun guztiak, asteartean itzuliko baitira Euskal Herrian.
Euskaldunek, ordea, ez dute atseden hartzeko tarte handiegirik izango, hemendik bi astetara beste bidai bat izango dute. Orduan, Okzitanian izango dira, Tolosan egingo den lehiaketa batetan izango baitira. Gero, ekainaren 10ean Kataluniara joango dira.
Hala ere, euskaldunek izango duten bidaiarik garrantzitsuena, eta aldi berean izango duten erronkarik handiena, abuztuaren erdian izango dute, orduan jokatukio baita Europako Txapelketa Suitzan, eta han zerbait lortzeko ilusioa dute euskaldunek. Proba hauetan lan laburra izaten da, eta abiadura eta txukuntasuna uztartzen dira.
Datorren abuztuaren erdialdean jokatuko da Austrian Europako Txapelketa, eta bertara joateko kanporaketak ekainaren 16an eta 24an egingo dira Tolosan eta Olaberrian. Aurten bi egunetan jokatuko dira saioak.