inaxi lazkano Jaizkibel konpainia kidea
Loreak zuretzat, Pilar
Maria Pilar Iridoi hil da. Oso azkar joan zara, azkar eta suabe. Bizitzen zenekien seinale. Heriotzaren berria zure ingurukoekin partekatuz. Hurbil zeuden hilkutxan ere, bizitzan bezala, dotore: jaietako jantzirik politenekin zuk hala eskatuta.
Maiatzeko loreak zuretzat Pilar. Utzi egin gaituzu Hondarribiko ezkerreko gizon emakumeok. Bainan batik bat emakumeok: zu beti egon zara emakumeen eskubideen alde. Baita zure senitartekoekin zailtasun eta harreman etendurak eraginarazi dizkizun une oso gogorretan ere. Zuk argudioz eusten zenion zure jarrerari. Duela gutxi irmo eraman zenuen emakumeen bandera morea borrokakide baten agur omenaldira.
Haserre nago Pilar zu hain azkar joan zarelako: zuk ere hemen egon, ibili, abestu, solastu eta bizitzeko gogoa zenuelako. Eta boza? zenion duela gutxi. Zer egin behar dugu?. Zeuk ere hemen egon nahi zenuen maiatzeko bozketan parte hartzeko. Mina utzi duzu zure inguruan: emakume ausart eta argia izan zara, maitagarria oso, xumea, irekia, irribarre bat beti zure aurpegian, abegikorra, ezkerrekoa, ama jatorra, herritar ekintzaile eta parte hartzailea. Zu beti prest lanerako, prozesu berriak bultzatzeko, zahartzen ez diren pertsonen multzokoa izan zara eta zu bezalakoak behar beharrezkoak dira. Asko ikasi dugu zurekin.
Urteak pasa bai baina historiaren ikuspegia ez duzu galdu. Pilar zertarako jarraitu... loreak besterik ez ditut zuretzat. Harremana oso estua izan ez badugu ere, zure nortasuna bereizteko hainbat ezagutu zaitut. Ba zenekien aurrerapausoak nondik zihoazen, nahasaldietan ere zu beti hor iparrorratza bezala. Lore sorta hau zuretzat, Pilar. Loreak eta muxuak.