Laura Mintegi Idazlea
Hipokrisia
Gure burua ez arrazistatzat jotzen dugu, baina beltzaren ondoko jarlekua azkena betetzen da metroan, areago poltsatzarra CDz josita baldin badarama. Arabieraz mintzo duenari mehatxuzko jarrera antzematen zaio, soinu ulertezinak inposatu nahi balizkigu bezala bagoiaren espazio itxian.
Aurreritzirik gabekoak garela diogu, eta burua bueltatzen dugu gizon zuri zaharra eta emakume gazte beltzarana paseoan ikusten ditugunean, kalkulua eginez ea zer den mulata jori ederra gizon zaharrarekiko, zaintzailea ala amorantea.
Deitoragarria iruditzen zaigu pateretan etorri beharra, eta are deitoragarriagoa inpernuko bidaia horretan bizia galtzea, baina nola onartu etorkinek edukitzea gure eskubide berberak, botoa eman ahal izatea bertako politikaren nondik norakoak ezagutu gabe. Nola onartu bertakoek beste estaldura edukitzea osasun zerbitzuetan, nahiz eta zerga-sisteman ezer ez ordaindu. Gainera, anbulategira joan eta berehala antzematen da eurek bereganatzen dituztela ordu guztiak, ematen baitu direnak baino gehiago direla bezeroen artean proportzioan, hainbeste jende dira, hainbeste ume, erdiak erdi gaixorik, gorputz mehe eta ahuletan mendetako gabeziak metatuta dituztela.
Injustua iruditzen zaigu paperik ez ematea nahi duen orori, edozeinek eduki beharko bailuke edonora mugitzeko askatasuna eta, batez ere, ez dagoelako pertsona ilegalik. Ilegalitatea kontzeptu juridikoa dela diogu, ez naturala. Legeak boteretsuei zerbitzatzeko daudela diogu, boteretsuen nahira eginda. Baina, dagoen egoera egonik, eta gauzak honelakoak diren bitartean, hobe da lana ematea, merke ordaintzen bazaie ere (bertokoek ez lukete horrelako soldata nimiñorik onartuko!) azken finean norbaitek garbitu behar duelako etxea, eta laguntza behar da tabernan, negozio txikian; norbaitek zaindu behar ditu umeak, gurasoak jagon, eta norberak ez du asti nahikorik, noski; nahi bai, gustura ere, baina ezin. Eta, bide batez, mesedea egiten zaie, beharra duenari beharra ematen zaio, denak kontento.
Hipokrisiak jota bizi gara kolektiboki. Hamabost urte bete ditu gaur alabak. Tontoleszente baten galderak kupidagabeak izaten dira hipokrisiarekin. Zergatik ezin dute pasaportea atera eta hegazkinez etorri, gu hara goazen modu berean. Zerga- tik hildako guztiak ez dira ber- dinak; zergatik balio dute gehiago Dorre Bikietako 2.973 hildako eta 24 desagertuek, Iraken 2006an bakarrik hil ziren 34.452 pertsonek baino. Zein legeren arabera has daiteke gerra eta lau urtean 650.000 hildako-zauritu-desagertu eragin. Zergatik 122.000 umek ez zuten lortu Iraken 5 urte betetzea 2005 urtean. Zer daukan on horrelakoak agindu dituenak gainontzeko estatuburuek irribarrez agurtu dezaten nazioar- teko bilkuretan. Non dago terrorea. Nori diote izua haurrek, beren herrian petrolio ugari badago. Nor profitatzen da ordena mundialaz, zeinek jasotzen ditu sistemaren etekinak.
Hipokrisia, itxurakeria, mendebaldeak zurikeriatan dihardu, eta zurikeria transmititzen die belaunaldi gazteei.