GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Jon Etxebarria, Txontxe Askapena

Irlandako eta euskal prozesuak ganoraz konparatzeko

Irlandan, presoak erabili zituzten, bai, baina prozesua blindatzeko

Beharrezkoa iruditzen zaigu Irlandako prozesuari buruz gogoeta egitea. Alde batetik, euskal gatazka gainditzeko prozesuaren egoera larriagatik; bestaldetik, Irlandan, gatazka gainditzeko prozesua berbideratu egin dela ematen duelako. Gainera, askoren ahotan dago Irlandako prozesua, batez ere konparaketa manipulatzaileak egin dituzte batzuek. Konparaketa egiteko, BBCtik ateratako datuetan oinarritu gara.

80ko hamarkadaren amaieran hortxe ezartzen dute guztiek bake prozesuaren ataria. Gatazkaren biolentzia puntu gorenean zegoenean, abertzaleen arteko -Sinn Feineko Adams eta SDLPko Hume- ezkutuko elkarrizketak hasi ziren, 1988ko urtarrilean. (Bi alderdiek herriaren interesak lehenetsi zituzten).

1989an, Ipar Irlandarako ministro britainiarrak IRA militarki ezin zela garaitu eta elkarrizketak bakea ekar zezakeela adierazi zuen. Urtebete beranduago, Erresuma Batuak Irlanda iparraldean interes estrategikorik ez zuela gaineratu zuen.

1991ko martxotik azarora bitartean alderdien arteko elkarrizketa ofizialak hasi ziren, Sinn Fein baztertuta egonik. 1992an, Sinn Feinek bakea lortzeko estrategia kaleratu zuen; eta unionisten alderdi nagusiak UUPk Irlanda hegoaldeko gobernuarekin hitz egiteko prest agertu zen.

1993an, Humek eta Adamsek ezkutuan egindako elkarrizketen berri eman eta agiri adostua kaleratu zuten apirilean. Azaroan Londresen eta IRAren arteko elkarrizketa sekretuak areagotu egin ziren IRAk borroka armatuari ekiten zion bitartean. Abenduaren 15ean Major britainiar kontserbadoreak eta Reynolds hegoaldeko agintariak Downing Streeteko adierazpen bateratua egin zuten, non Irlandako herritarrei, bai iparraldean bai hegoaldean, euren etorkizuna eraba- kitzeko eskubidea aitortzen zitzaien, baita Irlanda batua ere (IRAren su-etena baino lehen). Handik hilabete batzuetara, 1994ko abuzturen 31n IRAk ekintza militarren erabateko etena aldarrikatu zuen; urriaren 13an, berriz, talde paramilitar loialistek.

Sinn Fein alderdien elkarrizketa ofizialetan onartu zuten (alderdien mahaia?), baina horiek ez zuten emaitzarik eman. 1996ko otsailaren 6an, IRAk su-etena bertan behera utzi zuen. Londresen bonba ikaragarria zartarazi zuen eta bi hildako egon ziren. Sinn Fein elkarrizketa ofizialetatik kanpo utzi zuten. (Hala ere, prozesuak aurrera jarraitu zuen). Maiatzean hauteskundeak egon ziren iparraldean eta Sinn Feinek babes handia lortu zuen. (Londresek eta Dublinek ez zuten legez kanpo utzi).

IRAren borroka armatuak eta errepublikano eta loialisten arteko istiluak areagotu ziren, Blair lehen ministro bihurtu zenean, 1997ko maiatzean. Uztailaren 20an IRAk bigarren su-etena aldarrikatu zuen. «Deskontaminazio» prozesu labur baten ondoren -horrelaxe kalifikatu zuten batzuek-, irailean (hilabete bi pasatuta!) onartu zuten Sinn Fein negoziazio ofizialetan eta muturreko unionistek -DUP- alde egin zuten. Mo Mowlan Irlanda iparralderako idazkariak preso errepublikarrak eta loialistak bisitatu zituen eta euren parte-hartzea ezinbesteko izan zen akordioa lortzeko. (Presoak erabili zituzten prozesua blindatzeko).

Horrela, 1998ko apirilean Ostiral Santuko Akordioa sinatu zuten. Horretan, irlandarrei erabakitzeko eskubidea aitortuta (autodeterminazioa), Irlanda iparraldearen autonomia berrezarri eta boterea partekatu (apartheidarekin amaitu), Iparralde Hegoalde erakundeak sortu (lurraldetasuna), Dublin-Londres harre- manak berritu, polizia erreformatu eta desmilitarizazio prozesuari hasteko bidea (baketzea) ziren puntu nagusiak. (Momentu- ko soluzioak eta aukera guztiak egingarriak izateko bermea. Desmilitarizazioa akordioaren ondorio zen eta ez alderantziz).

Prozesuak hainbat gorabehera eduki ditu eta horren irakurketa desberdinak egin daitezke. Gure ustez, estatuek eta unionistek geldiarazi dute prozesua; bestaldetik errepublikarrek euren konpromisoak betez eta herritarren sostengua indartuz (Sinn Fein lehen alderdi abertzale eta iparraldeko bigarren bihurtu da; nor da gurean horren beldur?) prozesua aurrera bultzatu eta, azkenean, muturreko unionistak prozesuan sartu eta Londres eta Dublin euren konpromisoak betetzen hastea lortu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo