GARA > Idatzia > Txirrindularitza

«Giroko saioetan lehiatzea dut xede eta garaipen bat ikaragarria izango litzateke"

Aitor PEREZ, CAISSE D'EPARGNE TALDEKO TXIRRINDULARIA

Aitor Perez zegamarra lehendabiziko aldiz arituko da Giroan larunbatetik aurrera. Caisse d'Epargne taldean askatasuna izango dute txirrindulariek eta aukera hori aprobetxatu nahi du 29 urteko gipuzkoarrak. Hortaz, ihesaldiak harrapatzea izango du helburu nagusia, eta garaipen bat erdiestea «ikarragarria» izango litzateke. Azken finean, orain arte emandakoa baino «maila hobea» azaltzea nahi du.

Unai IRARAGORRI | BILBO

Hiru asteko itzuli bat besterik ez du egin Aitorrek, eta horrek ezbaiak eragiten dizkio. Dena den, ongi entrenatu da eta itxaropenak ditu errepidean azaltzeko. Atzo goizean atera zen Italiarantz, baina unea izan du azken kezkak azaltzeko GARAri.

¿Nola hartuko duzu Giroa?

Noski, lasaitasunarekin. Taldean ez dugu liderrik Giroa irabazteko eta horregatik etapak bilatzera aterako garela uste dut, garaipen bat lortzeko. Talde lehiatsua da: igotzaileak, esprinterrak eta ordekan ongi moldatzen direnak ditugu.

«Lasaitasuna» aipatu duzu, indarrak beharko dituzue, hirugarren astea beldugarria da-eta...

Bai, baita bigarren astea ere, eta laugarren saioa mendian amaituko da; Giroa osoa da gogorra.

Aurreneko aldia duzu Giroan. Zein berririk duzu?

Telesbitatik ikusi dut. Batez ere, ibilbide menditsua da, altimetria besterik ez duzu ikusi behar. Aldapak oso gogorrak dira, pendiza askokoak, igotzaile petoentzat aproposak. Bestetik, esprinteentzat saioak arriskutsuak direla ematen du; izan ere, bihurguneak, aldapak eta kale estuak dira amaieran. Beraz, ez da lasterketa batere erraza. Horregatik, arreta osoa eman behar duzu errepidean

Caisse d'Epargnek ez du talde burua, horrek askatasuna emango dizue.

Bai. Beste lasterketetan denak egon dira guri begira, Valverde liderra zela-eta. Giroan, berriz, beste batzuek hartu beharko dute ardura eta besteen gurpila jarraitzeko aukera dugu. Lasaiago egoteko aukera izango dugu eguneroko lanean. Dena dela, gehiegi lasaitzea ez da komenigarria. Hortaz, gure helburua ihesaldiak bilatzea izango da eta aurrera egitea, eta beste etapetan indarrak berreskuratu eta gorde beste egunetan saiatzeko.

Noiz espero duzu saiatzea?

Eguneroko gauza da. Nik itzuli handi bat besterik ez dut, hain zuzen, iazko Espaniako Itzulia. Egia esan, nahiko ondo bukatu nuen, baina gorabehera asko izan nituen.

Zein lasterketa izan duzu azkena?

Euskal Herriko Itzulia. Ezin nintzen egoera onenetan entrenatu eta nabaritu nuen.

Azken asteetan, berriz, eguraldi ez da hain kaskarra izan.

Bai, bai, eguraldiak nahiko lagundu digu oraingoan. Ondo nago, hasiera batean. Ikusteko dago, agian ordu gehiegi eman duzu eta bigarren astean nekatuta zaude, gorputzak ez dakizu nola erantzungo duen.

Zein da zure helburua?

Etaparen batean lehiatzeko aukera izatea espero dut eta ahalik eta ondoen ibili, hau da, sentsazio onak izatea garaipenen bat lortzen saiatzeko. Etapa eskuratzea ikaragarria izango litzateke.

Bigarren urtea duzu taldean, eta txirrundularia sendoa zarela ematen du.

Pixkanaka, hobekuntza izan dut. Aurten, berriz, Paris-Nizan eta Euskal Herriko Itzulian maila altuagoa espero nuen.

Beraz, ez zaude oso pozik zeure buruarekin

Ez, gehiago egin dezakedala uste dut. Maila hobea berreskuratu nahi dut eta gustura ibili.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo