Shellacek nagiak astindu ditu gurera hurbiltzeko
Hemen dugu berriro Noise On Tour Jaialdia, Shellac talde ikusgaitzarekin. The Scientists australiarrekin hasi eta TSOOLekin bukatuko den festaren gutizia da etxetik nekez ateratzen den Boston hiriko hirukotea, besteak beste Steve Albini ekoizle famatua partaide duena.
Anartz BILBAO | BILBO
Ezohikoa da Shellac hirukotea, eta ezhoikoa daraman ibilbidea eta musika industriaren kontzeptua ere. Bazterrekotzat ere hartuko genuke gitarraz arduratzen den morroiak ekoitzi dituen lanen garrantziagatik ez balitz. Zakar eta herabea omen den Steve Albinik, besteak beste, Nirvana, Pixies edo -duela gutxi- The Stooges taldeen lanak ekoitzi ditu eta underground iparramerikarreko teknikaririk ospetsuenetakoa da egun. Berarekin batera Bob Weston eta Todd Trainerrek osatzen du hirukotea. Lanetik kanpoko zaletasuna dute taldea, eta abian duten bi asteko bira da inoiz egin duten luzeena. Normalean ez dira Bostondik askotan irteten, gustuko baitute kontzertuaren nondik norako guztiak ondo lotuta izatea eta baita ikus-entzuleen proposamen eta aholkuak zuzenekoetan jasotzea ere.
Lanerako modu berezi horrek gauzak tentuz prestatzea eskatzen du, eta horrek lanak aise argitaratzea eragotzi. Horrela, 1992an sortu eta lau lan baino ez dituzte plazan. «At Action Park» dute lehenengoa, 1994koa. Lau urte geroago iritsi zen «Terraform» eta milurteko bukaerarekin «1000 Hurts», orain arteko azkena. Aurten «Excellent Italian Greyhound» argitaratu dute, urte luzeetan zehar landutakoa eta 40 minutuko iraupena duena. Touch and Go dute ohiko disko etxea, eta binilozko diskoa formatu maiteena. Pozik eta irrikitan izango dira ziurrenera Akauzazte, Lisabo edo Yakuzi, batzuk aipatzearren, Shellac zuzenean gozatzeko paradarekin.
Gutizia honen ondoren, maiatzaren 18an, ostirala, emango zaio segida eta bukaera Noise On Tour jaialdiari, Santana 27an ospatuko den saio hirukoitz zirraragarriarekin. Bertan, The Drones ausartak, The Soundtrack of our Lives eta eskarmentu handiko Angry Samoans punkiak. Isiltasuna soinu arriskutsua omen delako, abian da zarata.
The Flaming Sideburns, Tokyo Dragons eta The Scientistsek abian jarritako jaialdia maiatzaren 18an amaituko da The Drones, Angry Samoans eta The Soundtrack of our Lives taldeen kontzertu erraldoiarekin.
Data: Asteazkena 16.
Lekua: Kafe Antzokia
(Bilbo).
Ordua: 21.30ean.
Sarrera: 22/24 euro.