Disko berriak | Aritz Sound System
Garapenaren indarra
Ederra da THC taldearen disko berria. Hasieratik bukatu arte gustura entzuten den disko horietakoa da. Funk, jazz, soul, drum & bass eta house doinuekin osatutako harribitxia da, eta harribitxia esan dugu, nazioartean antzeko proposamenak aurki badaitezke ere, Euskal Herrian horrelako diskoa kaleratzen aitzindariak direlako (Wagon Cookin-ekin batera). Azken urteotan funk, jazz eta doinu elektronikoak landu dituzten taldeak ugaritu dira gure artean, baina gutxi dira THCren garapena lortu dutenak. Izugarrizko lana egin behar izan dute horretarako, baina emaitzak merezi izan du. «Positive» diskoa hirugarrena da taldearentzat (lehenengo maketa 2003an kaleratu zuten «THC» izenarekin eta 2004ean, berriz, «Homonime» zuzeneko diskoa kaleratu zuten). Taldea 1999an sortu zutenetik izugarrizko garapena izan du; garapen teknikoa nabarmena (produkzio landuagoak eta soinu hobea) eta garapen musikala (hasierako funk house estiloari ateak zabaldu dizkiote eta brasildar eta drum & bass erritmoen eragina nabariagoa da orain). Ahotsek ere garrantzi handia dute eta atal honetan ere nabarmentzekoa da egindako lana (hizkuntza desberdinetan gainera). Kolaborazioek ere diskoa osatu dute (Acido C-ko haize sekzioa eta Ion De Luisen programaketak). Zorionak Euskal Herrian oraindik ezezagunak diren erritmoak bultzatzeagatik, kaleratzeko egin duzuen esfortzuarengatik, ematen dituzuen zuzenekoengatik eta musikalki egin duzuen bidearengatik.