GARA > Idatzia > Ikusmira

Alemania: prebentziorik onena, errepresioa

Merkel estilo desberdina ez da hain desberdina, atzo erakutsi zuenaren arabera. Alemaniako Poliziak sei estatutan «ezker erradikalaren» lokal ugari miatu izanak argi asko agerrarazten du estilo hori, Alemaniako eskuinaren betiko estiloa. Ehunetik gora ezkerreko talde, sindikatu eta gizarte eta erlijio-erakundek mobilizazioetara deitu dute ekainaren 6a eta 8a bitartean, G-8aren gailurra dela-eta. Alemaniako agintariek, istiluak eta «atentatu terroristak» saihesteko, prebentzio ekintzak egin omen dituzte eta elementu «susmagarrien» kontrako sarekada egin dute. Izan ere, Angela Merkel, estilo desberdineko emakume gobernuburuak, Batasun Kristau-Demokratako (CDU) kidea da eta momentu garrantzitsuetan eskuinaren benetako aurpegia erakutsi behar du. G-8 delakoaren bilera gertaera garrantzitsua da, zalantzarik gabe, eta aberatsen kluba biltzen denean ezin da ibili arinkeria demokratikoetan. Segurtasunaren izenean, edo horren aitzakian, larderia, errepresio hutsa dute bide nagusi. Gailurrean bilduko direnek onean eta txarrean defendatzen duten eredu ekonomikoari erantzun nahi diotenen kontrako errepresioa. Batzuek Margaret Thatcherrekin konparatu izan dute Merkel, baina alemana askoz moderatuagotzat hartuta. Haren eginek, ordea, oso zalantzan jartzen dute distantzia hori.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo