GARA > Idatzia > Euskal Herria

Elkartasun eskaerak Senperen, Azkainen eta Herri Urratsen

GARA |

Elkartasun erakuskari anitz ari dira ikusten azken egunotan Senperen eta Azkainen. Azken herri honetan dagoen Biltoki gelan kalteak izan dituzten jendearentzat materiala eta janaria biltzen ari dira. Kalte larriak izan badituzte ere, bi herrietako eskoletan klaseak gaur hasiko dira. Eskolek ere laguntza eskatu dituzte urak material pedagogikoa, mahaiak eta aulkiak, birrindu baititu.

Seaskak heldu den igandean Senperen antolatuko duen Herri Urrats bestarendako gizartearen elkartasuna eskatzen du, baina aldi berean laguntza eman ere egingo du. Normalean ikastolen jairako azpiegituren montaketan eta desmontaketan laguntzen du Senpereko Herriko Etxeak, baina aurten ez da posible izanen horregatik jendearen laguntza eskatzen du Seaskak gaur, bihar eta astelehenean. Bestalde, lehen aldiz antolatua zen Herri Urrats pilota txapelketako etekinak kaltetuentzat izanen dira. Aldi berean, jaiaren sarreran kutxak izanen dira bestalariek uholdeen kalteak izan dituztenei dirua eman diezaieten.

Baiona, Angelu eta Biarritzeko hiri elkargo- ak atzo 50.000 euroko diru-laguntza eskaintzea bozkatu zuen Azkaine, Senpere eta Sarako herrientzat.

Edateko ura berriz

Atzotik Senpere eta Azkaineko biztanleek iturriko ura edan dezakete berriro ere. Uholdeak izan zirenean, Senpereko ur arazketa zentroa ur zikinez bete zen eta atzo arte iturriko ura edan ezina izan zen.

Pirinio-Atlantikoetako prefetak, Marc Cabannek, aitortu egin zuen atzo arazo bat izan zela uholdeen alarma emateko mo mentuan eta etorkizunerako sistema hobetu beharko dutela. Meteo Francek euriteen maila ez zuela aurrikusi eta horregatik ez zen «alertarik» eman azaldu zuen Cabannek. Oroitu behar da Senpereko eta Azkaineko auzapezek uholdeen egunean salatu egin zutela inolako abisurik ez zutela jaso.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo