Kalitatezko hezkuntza publiko elebidunaren alde ari da Erakasleak elkartea
Duela 20 urte baino gehiago sortu zen hezkuntza elebiduneko irakasleen elkartea da Erakasleak eta atzo lehen aldiz egin zuen salto medio publikora. Hitzartze hori Ipar Euskal Herriko gizartean euskarazko kalitatezko hezkuntza baten aldeko borrokak gaurkotasun handia duen momentuan heldu da. Abagune kritiko honetan Erakasleak elkarteak bere hitza eta laguntza eskaini nahi izan du.
Erakasleak kalitatezko hezkuntza baten aldeko desmartxa batean sartu da. Paueko Akademiako Inspektoreari eta Ipar Euskal Herriko inspektoreei gutun bana igorri dizkie kalitatezko hezkuntza elebidun baten alde elkarrekin lanean aritzeko. Eskutitz hori Euskararen Erakunde Publikora ere helarazi dute eta hitzordu bat finkatu dute ekainerako. Hedabideen bitartez gizarteari ere helarazi nahi dizkio Erakasleak elkarteak bere grinak eta proposamenak.
Hiru laurdenak euskaraz
Erakasleak proposamen zehatza egin du ikasle elebidunen euskara maila handitzeko. Ipar Euskal Herrian egun irakaskuntza elebidunean matrikulatzen diren ikasleen gehiengoa elebakar frantsesa dela jakinik eta hizkuntzak ahalik eta gazteen ikassita errezagoa dela onartuta, ama-hezkuntzan euskaraz egindako klaseak denboraren erdia hartzetik hiru laurden hartzera pasa daitezela proposatzen dute irakasle publikoek.
Proposamen hori egiteko Donibane Garazin egin esperientzian oinarritu da elkartea. Gurasoen eskaerari jarraituta, klaseen hiru laurdenak euskaraz ematen ziren bertako eskolan. Ikasturte hasieran esperientzia abiatu aitzin eskolak baimena eskatu zion Ikuskaritza Akademikoari; erantzun negatiboa urtarrilan ailegatu eta araudietan horrelakorik ez dagoela argudiatzen zuen. Arrazoiketa horri erantzuteko Perpignaneko Arrese eskola publikoak ikasgaiak denbora guztian katalanaz ematen duela esan du elkarteak.
Irakasleen arteko materialaren trukaketa eta harremana sustatzeko sortu zen elkarteak pauso berri bat eman du sortu berri duen www.erakasleak.org web orrialdearekin. Hezkuntza pribatuko irakasleek ere erabil dezakete.