GARA > Idatzia > Euskal Herria

Asfaltatze lanak amaitu gabe utzi dituztelako kexu dira kale bateko dendariak Grosen

Astelehenean, Galtzada Nagusi inguruan hasi ziren asfaltatze lanak, Aita Larroka eta Secundino Esnaola kaleetan. Azken horretan, saltoki gehien dauden zatia egin gabe geratu da, eta makinak han utzi dituzte.

Jasone MITXELTORENA |

Secundino Esnaola kalean hasitako lanak amaitu gabe utzi dituztelako kexatu dira bertako saltokietako dendariak. Astelehenean hasi zituzten Gros au- zoan, Galtzada Nagusitik hurbil dauden bi kaleetan, asfaltatze lanak. Aita Larroka kalea osorik konpondu zuten, bai eta Secundino Esnaola kaleko zati bat ere, baina Aita Larroka kaletik Galtzada Nagusira doan zatia amaitu gabe utzi zuten. Zati horretan daude saltoki gehienak, 23 eta 26 denda daude-eta.

Zikinkeria handia izateaz gainera, lanak amaitu gabe uztea salatu zuten atzo dendariek. Hori gutxi balitz bezala, lanetarako erabili dituzten makinak eta kamioiak zati horretan utzi zituzten. Hori dela-eta, brea kamioiei darien kiratsa saltokietan sartzen dela eta bertzelako makinek dendak ezkutatzen dituztela ohartarazi zuten. Atzo eta herenegun -igandean hasi baitziren kaleak ixten- dendetan ia ez zen jenderik ibili, eta oso gutxi saldu zuten.

Atzo goizean ohartu ziren lanak amaitu gabe utzi zituztela. Langileei galdetu, eta dirurik ez zegoela eta ez zutela asfaltatzen segituko adierazi zieten. Hori dela-eta, udaletxera deika hasi ziren dendariak, baina ez zuten ezer argitzerik lortu: Udaleko hainbat sailetara deitu zuten baina ez zien inork erantzunik eman. Herri-lanetarako bulegora, Hirigintza Sailera, Mantenimenduko bulegora... denetara deitu zuten, baina inork ez zien erantzunik eman; batzuetan beste sailetara hots egiteko adierazi zieten, beren eskumenekoa ez zelako, eta besteak egin zituzten erantzule. Emandako telefonoetan, berriz, ez zien inork erantzuten. Gogor salatu zuten Udalak argibiderik eta erantzunik ez ematea. Agerian geratutako utzikeria gaitzetsi zuten.

Dendariak harri eta zur zeuden egoera horretan. Ezin zuten sinetsi diru faltaren aitzakian asfaltatze lanak modu horretan gelditzea. Haien ustez, garestia makina guztiak lekualdatzea da, eta, beraz, ez zioten zentzurik aurkitzen tresneria guztia bertan izanda lanean ez segitzeari. Udaltzain batekin egon ziren atzo kale horretako dendariak, eta hura ere harriturik geratu zen.

Lehen baino okerrago

Asfaltatzen hasiko zirela ikusi, eta albistea pozik hartu zuten kalea berritu eta txukunduko zutela pentsatu baitzutelako, baina gertatutakoarekin, lehenago baino askoz okerrago geratu dira inguruak: zikinkeria handia pilatu da lanen ondorioz, eta makina eta kamioiei usain txar indartsua darie. Gainera, kalea oztopatzen dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo