Mikel Aramendi Kazetaria
Erreguka lortu behar ote da?
Balizko irakurlearen arreta erakartzea dela izenburuaren lehen eginkizuna gauza jakina da, eta horixe nahiko zuen, ziurrenik, Estatu Batuetako guru politiko entzutetsuenetakoa eta «Newsweek» aldizkariko zutabegile nagusia den Fareed Zakariak joan den astean bereari «Erregu apal bat demokraziaren alde» goiburua ipini zionean. Agian. Baina, artikulua irakurritakoan, irakurlea estekatzeko trikimailua ez ezik, edukiaren laburpena ere badela izenburua iruditu zait. Eta ez da irudi- pen atseginegia, egia esan.
Turkia da Zakariaren hizpidea, ondorengo urteotan seguruenik gu denona izango den moduan. A. Gul, turkiar Kanpo Arazoetako ministro dena eta arestian lehendakari izendapena lortu ez duenarekin oraintsu egindako hitz-aspertu baten zati luzeak jaso- tzen ditu, zutabe osoa elkarrizketa mozorrotu bat bihurtzeraino. Argi geratzen da Gulen gogoetekin nahiko bat datorrela Zakaria; eta haiek azpimarratzea, eta izenburu erakargarria asmatzea baino askoz gehiago ez duela egiten. (Argibide komenigarria izan daiteke: sortzez nahiz ibilbidez, edonolako islamismotik oso urruti, antipodatan kasik, koka daitekeen politologoa da Zakaria, AEBetan errotutako indiarra).
Gulen (eta Zakariaren) tesia da Turkian «benetako» (hots, mendebaldeko) demokrazia eraikitzeko beste edozeinek baino gehiago egin duen AK partiduari ezin diotela traizio egin mendebaldeko demokraziek. Are gutxiago, inoiz demokraziaren zale izan ez den establishment baten mesedetan baino ezingo denean izan hori. Esan gabe aditzen da nortzuei buruz ari diren. Disimuluagoan, Frantziako lehendakaritzaz jabetu den Chauvin harroxko horretaz ere ari direla esango nuke.
Uztailaren 22an egin behar dira Turkian hauteskunde parlamentarioak, lehendakari berria aukeratzerakoan sortutako blokeoa gainditzeko deituak. Inkesta guztiek irabazletzat ematen dute berriro Erdoganen eta Gulen AK partidu islamista; eta lehendik duen gehiengo osoa areagotu egingo duela deritzote askok. Horrexegatik (eta batez ere lehendakaria ere herri bozketaz hautatzeko berrikuntza indarrean ipintzen bada), badabil jada, ahapeka, beste aurreikuspen bat: uztailaren 22an ez dela hauteskunderik izango. Agintari militarrek ez dutelako utziko. Eta hortik Gul eta Zakariak egiten duten demokraziaren aldeko erregu apala.
Kontua da horrelako gauzak erreguka eskatu beharrekoak ote diren. Han eta hemen.