GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Julen Etxeberria Sortzen-Ikasbatuazeko koordinatzailea

Ikas eredua gora eta behera (II)

Sortzen-Ikasbatuaz-etik benetako eleaniztasunaren alde jokatu nahi dugu euskarazko murgiltze eredutik abiatuta, hau da, Euskal Herriak, eta ondorioz, Nafarroak, berezko duen hizkuntzaren ikaskuntzatik abiatuta eleaniztasun orekatuari ateak irekiz

Duela aste pare bat gai honi buruz argitaratutako idatzian Euskal Autonomia Erkidegoan Hezkuntza Sailak proposaturiko erreformaren inguruan Sortzen-Ikasbatuaz elkartearen iritzia azaldu genuen. Bertan, hurrengo batean Nafarroako egoeraren berri emango genuela agindu genuen eta idatzi honek orduan agindutakoaren ordaina izan nahi du. Aurreko hartan irakaskuntza publikotik proposamen berriaren aurrean genuen kezka azaldu bagenuen ere, Nafarroan euskarak jasaten duen erasoak atal berezia eskaintzea merezi duelakoan gaude.

Nafarroako Foru Gobernuak bertakoa den hizkuntzaren aldeko eskaera indartu eta aurre egin beharrean, modu guztietako estrategiak erabiltzen ditu euskara baztertzeko eta zokoratzeko. Egoera hori gero eta bortitzagoa da gainera, herri eragile eta sindikatu ugarik gero eta ozenago aldarrikatutakoa kontuan hartu gabe.

Orain zerrendatuko ditugun atal hauek ez dira Nafarroako hizkuntzak jasaten dituen eraso bakarrak, baina agerian uzten dute Lingua Navarrorun horrek lurralde horretan agintariengandik jasotzen duen tratua eta bizi duen errealitatea:

Haurtzaindegietan gertatzen dena azalduz hasiko dugu ibilbidea, hau da eta irakaskuntza sistemaren abiapuntua. Haur Eskola Publikoen eskaera gero eta handiagoa da. Eta gero eta handiagoa da zerbitzu hori euskaraz jasotzeko gurasoek egiten duten aldarrikapena. Jasotzen duten erantzuna berriz, hurrengoa: Iruñean 1000 eskola plaza gaztelera hutsez eta 172 euskaraz. Hori horrela, eskariari erantzuna emateko ideia berria izan du udalak. Aurrerantzean Nafarroako gurasoak ez dira aita eta ama izango, dady and mumy baizik; ez dituzte kaixo esanez agurtuko «Hello»rekin baizik. 246 eskola plaza izango dituzte, momentuz, helburu hori lortzeko, euskaraz baino askoz ere gehiago (Hello Rochapea, Hello Azpilagaña eta laister Hello Donibane). Zein helbururekin?

Haur Hezkuntza eta Derrigorrezko Eskolaldiari lotuko gatzaizkio bigarren atal honetan: proposatu berri den Nafarroako Curriculumak, euskarari ukatu egiten dio izatea bera ere: gaztelania izendatzen du lehen hizkuntza eta ingelesa bigarrena. Euskarari berriz, ez dio lekurik ematen, A eta D ereduak aipatzen ditu soilik. Hizkuntzen Curriculum Integratuaz ari denean D ereduan euskarari dagokion ordu kopurua jaistea besterik ez du aurrikusten, gure hizkuntzak bizi duen egoera diglosikoa kontuan hartu gabe. Hezkuntza Departamenduak etapa horietan ere ingelesa sartu nahi du euskararen eskaerari aurre egiteko: gure hizkuntzan ikasketak burutzeko eskaria handia den lekuetan, ingeleseko programa esperimentalak abiatu dituzte (Errotxapean eta Azpilagañan, Patxi Larrainzar ikastetxearen auzo berean, horrek burututako euskal lerroen aldeko aldarriari erantzunez).

Programa horiek inposatzea mingarriagoa da Nafarroako beste eremu batzuetan, euskarak irakaskuntza publikoan sarrera debekatua duen lekuetan, hau da, Tuterako Elvira España ikastetxean kasu. Zizur Nagusian berriz, irakaskuntza publikoak jasaten duen toki faltari aurre egiteko ikastetxe berria eraiki du Hezkuntzak eta, auzoko eskaerari erantzuna eman beharrean, zera atera du aztiaren lapikotik: BRITISH esperientzia txertatua duen gaztelania hutsezko G eredua. Gainera, Atarrabia, Antsoain eta Donibanen ere aukera bera ezartzen saiatzen ari da Hezkuntza Saila.

Zer da baina BRITISH esperientzia hori? Agintarien buruan ondo gordetako zerbait, nonbait: ez du zehazten lortu beharreko hizkuntza konpetentziarik, ez irakasleen hizkuntza eskakizunik, ez eta hizkuntza bakoitzari egokituko zaion ordu kopururik; ez du noski, inmertsio programa izateko aukerarik. Eta horixe da, hain zuzen ere, jendartearen aurrean Hezkuntzak saldu nahi duena. Zein helbururekin?

Dagoeneko irakurleak ondo asmatu du galdera horren erantzuna, bakarra baita: euskal kultura eta euskararekin zerikusia duen aztarnarik txikiena Nafarroatik desagertaraztea, euskal irakaskuntzaren garapena geldituz euskaldunon eskubideak ukatzen dituztelarik.

Sortzen-Ikasbatuazetik benetako eleaniztasunaren alde jokatu nahi dugu euskarazko murgiltze eredutik abiatuta, hau da, Euskal Herriak, eta ondorioz, Nafarroak, berezko duen hizkuntzaren ikaskuntzatik abiatuta eleaniztasun orekatuari ateak irekiz. 30 urtetik gora daramatzagu jada eredu horren alde eginaz eta sortu dizkigun onurez jabetuz, nahiz eta agintarien aldetik oztopoak besterik ez izan hartutako bidean. Azken batean, murgiltze eredu horren kalitatea eta bermea Hezkuntza Administrazioek eurak ere onartu izan dute eta ez gaude prest orain proposatzen den iruzurraren jokoan sartzeko.

Egoera larri horrek eta eraso berri horrek gure ustez zera erakusten du: batetik Euskal Herrian eta Nafarroan bereziki, dagoen hezkuntza antolaketak ez duela balio euskaldunon hezkuntza eskubideak bermatzeko; eta bestetik, hau baino larriagoa dena, euskara desagertzeko diseinaturik dagoela gaurko hezkuntza markoa. Eraso bortitz eta jarrai hori salatu eta ingelesaren ezarpena bertan behera gelditzea eskatzeaz gain, Euskal Herri osoan, eta noski, baita Nafarroa osoan ere, euskararen ofizialtasuna onartuko duen legea eta ikasle guztiak euskaldunduko dituen hizkuntza eredua aldarrikatu nahi dugu irakaskuntza publikotik eta horretarako eragile guztion lankidetza bultzatuz jarraituko dugula adierazi nahi dugu. Bizi dugun errealitateak erantzuna ematea eskatzen duelakoan gaude.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo