GARA > Idatzia > Errugbia

Igoera fasea

Hernaniri asko okertu zaio Ohorezko Mailarako bidea

Gipuzkoarrak jaun eta jabe izan ziren lehen zatian, baina bigarrengoan ez ziren puntu bat bera ere egiteko gai izan, eta garaipenak ihes egin zien

HERNANI 23

MONTE CIENCIAS 25

Jon LEUNDA | HERNANI

Hernanik bi puntu baino gehiagoko aldearekin irabazi beharko du datorren igandean Sevillan, hurrengo urtean Ohorezko Mailan jokatu nahi baldin badu. Atzoko lehen zatiak eta bigarrenak zerikusi gutxi izan zuten. Lehen berrogei minutuetan etxekoak izan ziren nagusi, baina bigarren zatian kanpotarrak. Dena dela, bi taldeen artean alde handiegirik ez dagoela ikusi zen, eta Hernanik izango ditu bere aukerak Sevillan.

Gipuzkoarrek lehen zati ona egin zuten. Haizea ere alde zuten, eta horrek ez zien kalterik egin. Hastapeneko berrogei minutuetan presio handia egin zuten aurrean, eta baloiaren jabetza beraiena izan zen. Oren erdia betetzerako 13-0 aitzineratu ziren, Garmendiak bi zigor-kolpe eta transformazio bat gauzatu zituen eta.

Ordurarte, andaluziarrek ia ez zuten aukerarik egin, baina lehenengoan entsegua egin zuten, nahiz eta ez zuten transformatu.

Entsegu horrek ez zituen euskaldunak kikildu, eta aldea handitu nahi izan zuten atseden hartzera joan aurretik, eta horixe egin zuten. Lehenengo Garmendiak zigor bat gauzatu zuen, eta jokalari berak egin zuen euskaldunen bigarren entsegua ere, lehen zatiko azkeneko jokaldian. Zelai erdian baloia lapurtu zuen, eta korrikaldi luze bat egin ondoren, entsegua egin zuen, eta baita gero transformatu ere. 23-5koarekin joan ziren atseden hartzera.

Lehen zatiko jokoaren ostean, itxaropena mantendu beharra zegoen, baina bigarrengoan gauzak erabat aldatu ziren. Sevillarrak lehen minututik atera ziren markagailua murrizteko asmoarekin, eta Hernanik lehen zatian egindako joko ia berdina egin zuten andaluziarrek. Oraingoan beraiek zuten haizea alde, eta horren laguntzaz eta aurrean presioa eginez, oren laurdena betetzarako zortzi puntutara jarri ziren.

Hernanik nahi zuen, baina ezin zuen ia zelai erdia ere gainditu, eta sevillarrek aurrera egin zuten. Morok, zigor bati esker, bost puntutara jarri zituen sevillarrak. Partida amaitzeko bederatzi minutu falta zirenean, etxekoek huts egin zuten atzean eta kanpotarrek entsegua eta transformazioa egin zituzten, 23-25 aurretik jarriz.

Hortik aurrera Hernani ahalegindu zen garaipena eskuratzen, eta azkeneko bost minutuetan Monte Cienciasen entsegu marra inguruan ibili ziren. Garaipena emango zien entsegua oso gertu izan zuten behin baino gehiagotan, baina ez zuten lortu, eta amaieran garaipenak ihes egin zien.

Bukaeran tristura nabaria zen bai zale eta bai jokalarien artean, baina gipuzkoarrak ez dira Sevillarrak baino gutxiago, eta atzo lortu ez zuten emaitza han lortu dezakete. Horrelakoak kirolean behin baino gehiagotan gertatu dira.

HERNANI

23

MONTE CIENCIAS

25

Amaiera lotsagarria

Atzo Landaren jokatu zen partidaren amaiera tristea bezain lotsagarria izan zen. Neurketaren bukaeran bi taldeetako jokalariak borrokan aritu ziren, eta garbi dago horrelakoak kirolean soberan daudela, kalte handia egiten baitute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo