GARA > Idatzia > Irrati-telebista

Matrallakok bost urte bete ditu hasiera korapilatsuaren ostean

Bosgarren urteurrenaren harira, joan den asteburuan jaialdia egin zuten Eibarko Matrallako irratiko kideek eta lagunek. Hamarkada erdiaren aitzakiaz, hasierako garaiak ekarri dituzte gogora eta hedabidean parte hartzeko deia egin diete herritarrei.

Amalur ARTOLA | DONOSTIA

Duela bost urte, 2002ko maiatzaren 15ean, izan zen Matrallakoren lehenengo emisioa. Urte eta erdi lehenago 10 bat lagun baziren ere irratia sortzeko prozesuan buru-belarri sartuta zebiltzanak, modu berezian eta ustekabean egin zuten lehenengo saioa: «Hasiera korapilatsua izan zen -oroitu dute-. Hain justu Eibarko bost lagun eta Debako bat atxilotu zituzten, horietako hiru irratiko kideak, ardura teknikoa zeramatenak. Aurreko egunetan antenak eta kableak jartzen aritu ziren eta, gaueko atxiloketen ostean, erabaki genuen nola edo hala emititzen hasi behar genuela. Eta halaxe hasi ginen».

Bost urte geroago, herrian eginiko programak jaisten joan diren heinean irratiko programazioa hobetzen joan dela esan dute. Egun, gai ezberdinak (gazte mugimendua, kontrainformazioa, nekazaritza mundua...) jorratzen dituzten sei programa ekoizten dituzte, bederatzi musika saio, estiloka banatuak, eta 17 saio Arrosa Saretik hartzen dituzte. Orain gutxi, Info7-ko 13.00etako albistegia emititzen hasi dira. Matrallakok, bere aldetik, «Gora Euscadi Chistulari» saio arrakastatsua eskaintzen du eta hamaika irratitan emititzen da. Irratsaioaz galdetuta, «garratz samarra» dela esan dute: «Egunkariak hartu eta asteko edo bezperako gaiez aritzen da, iritzi oso pertsonala emanaz. «Kaña» ematen die, musikarekin jolasten du, nahasketak egiten ditu eta kutsu nahiko surrealista du batzuetan. Irrati txikia gara eta gure saioak ez ditu inork hartzen baina, dirudienez, honek badu zerbait berezia». Entzun nahi duenarentzat, asteartetan zuzenean emititzen da, 07.30ean.

Sareko joera berrien aurrean, irratia aurrera ateratzearekin nahikoa dutela aitortu dute eta, horren harira, Matrallakon parte hartzeko deia egin diete herritarrei, saioak proposatzea edozeinen esku dagoela oroitaraziz eta besozabalik hartuko dituztela ziurtatuz. «Eibarren, betiko kontua da ez dagoela egiteko ezer. Orain irrati bat dago eta gure helburua bertatik pasatzen direnek gozatzea da eta, gainera, euskarazko hedabide bat sortzea». Izan ere, irrati librea izan arren saioen gidaritza euskarazkoa izatea eskatzen dute.

Asteburuko jaialdiaren ostean, hurrengo hitzordua irailean finkatu dute, Arratiako jaietan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo