GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

HAUTESKUNDEAK EUSKAL HERRIAN

Blancoren ustez, Rajoyk 2008ko hauteskundeak galduak ditu jada

Estatu espainolean barna egiten ari diren bezala, eta nahiz eta Euskal Herrira etorri, PSOEko Antolakuntza idazkariak PPren aurkako hitzak izan zituen batik bat. Patxi Lopezek eta PSEko beste hainbat politikarik, ordea, ezker abertzalearen aurkako esanak ere izan zituzten. EAJk ere ez zuen PSEren kritiken jopuntuan egoteari ihes egitea lortu.

GARA | GASTEIZ

PSOEko Antolakuntza idazkari Jose Blancok PPren eta Mariano Rajoyren aurkako hitzak izan zituen atzo Gasteizen PSEk egindako ekitaldi politikoan. Hilaren 27ko hauteskundeak, gainera, PPk Rajoyren ordezkoa erabakitzeko baliatuko dituela adierazi zuen, bere aburuz, PPko buruzagiak dagoeneko 2008ko Moncloarako hauteskundeak galduak baititu. «Gezurren bidez bere frustrazio guztiak gizarteari kutsatzen saiatzen ari da Rajoy, badakielako, hauteskunde orokorretarako urtebete falta denean, berak jada ez duela balio hautagaitzarako», gaineratu zuen PSOEko buruzagiak.

Nahiz eta Blancok hitza hartu bezain laster ezker abertzalearen aurka jo zuen, harrera egin zioten ezker abertzaleko dozenaka herritarren protestaldia hizpide hartuta, Alderdi Popularra izan zuen etengabe jopuntuan. Ezker abertzalearen aurkako hitzak, aldiz, PSEko idazkari nagusi Patxi Lopezek izan zituen ahoan, betiko legez, «demokrazioaren joko-arauak eta legeak ez betetzea» leporatuz.

«Abertzale eskasa»

Ezker abertzalearen aurkako lauzpabost hitz esan ondoren, Blanco, segituan, hauteskunde hauek PSOEk irabaziko dituela esatera ausartu zen, eta PPk oposizio lanean mantentzen duen jarrera deitoratu zuen; «egun, PPk, oraindik ez du onartu martxoaren 14an pasa zena».

«Legea aplikatzeagatik PPk gu gutxiestea eta iraintzea sentizen dugu, eta terrorismoaren aurkako borrokan, gu beti beraien alboan egon garen bezala, gure aldamenean ez egotea faltan sumatzen dugu», gaitzetsi zuen. Behin hori esanda, Mariano Rajoyri «burdinzurizko abertzalea» izatea egotzi zion «legea interesatzen zaionaren arabera aplikatzeagatik».

«Dagoeneko Espainia osoak daki Rajoy oso abertzale eskasa dela eta, are gehiago, irabaziko zituela esan zioten hauteskunde batzuk galdu zituen fribolo frustratu bat dela», jarraitu zuen Blancok. Eta orain, urtebeteren bueltan egingo diren hauteskunde orokorretarako ere balio ez duen hautagaitzat jo zuen. «Zenbateko presa du Rajoyk galtzeko, oraindik bere ordua ez denean!», gaineratu zuen irribarrez PSOEko buruzagiak, bere aburuz, hauteskundeok PPren baitan buruzagi berria hautatzeko erabiliko dituztela esanaz.

PPren aurkako erasoan tinko mantendu zen Blanco bere hitzaldi guztian, eta PPk «muturrekoa, erradikala eta zaharkitua den eskuineko politika» ezarri nahi duela ohartarazi zuen. «Rajoy iritsi zenetik, PPk eskuin muturrera joateko Abiadura Handiko Treneko txartela» hartu zuela esan zuen jarraian. Baina horretarako alternatiba zein den ere eman zuen aditzera: «Sozialistok, hauteskunde hauek irabazten baditugu konfrontazioaren, erradikalismoaren eta intolerantziaren antidoto bilakatuko gara».

PP, ETAren bozgarailu onena

Eta horiek esan ondotik egin zituen Gasteizko Udalari begirako adierazpen bakarrak. «Ondo pentsatzeko» eskatu zien gasteiztarrei, ea maiatzaren 27tik aurrera zer nolako Udala nahi duten, Lakuako Gobernuarekin eta espainolarekin lan egingo duen bat, edota «orain artekoa bezala», alderdien arteko konfrontazioan eta amorratzean sakonduko duena.

PSEko idazkari nagusi Patxi Lopezek, ordea, ETA erakunde armatuaren aurkako hitzekin hasi zuen bere parte hartzea. Lopezen esanetan, «bere bozgorailurik hoberena bihurtu» den PPrekin lortu duen arren, «ETAk ez du PSEren agenda politikoa baldintzatuko».

Jarraian, PSE hauteskundeotan gehien erabiltzen ari den mezuak eman zituen aditzera Lopezek, hain zuzen ere, PPren aurkakoak batetik, eta EAJren aurkakoak bestetik. «Etorkizunean ez PPk ezta EAJk ere ez diote muzin egingo berriro ere ezkerraren aurka ituna egiteari, biek proiektu atzerakoi bera defendatzen baitute», salatu zuen PSEko idazkari nagusiak, bi alderdioi «Euskadi beren jabetza» izango balitz bezala jokatzen dutela egozteaz gain.

«Diruak batzen ditu»

«Beren indarrak batzeko heraberik ez dute; nahiz eta aberriek desberdintzen dituzten, interesek eta diruak batzen baitituzte bi alderdiok», esan zuen Lopezek, ondotik bi eragile horien jarduna gaitzesteko: «Bizitza politikoari izena kentzen diote, gainerako alderdi guztiak eurak bezalakoak direla ulertarazten baitute».

Baina, bi alderdi horiez mintzo, euren proiektu politikoak arriskuan direla azaldu zuen: «Arriskuan daude, herritarrak bandera eta sinboloen artean ezkutatu nahi dituzten nazioak eraikitzea xede duten proiektu politikoak, eta baita noraezean dabilen eskuinaren proiektua ere, benetako alternatibak plazaratzeko duten ezintasunaren aurrean erakunde demokratikoei egonkortasuna galaraztea bilatzen dutelarik eta Gobernu demokratikoaren aurka egiteko ETA erabiltzen dutelarik».

Hori horrela izanik, PSEren hauteskunde programan jasotako oinarriekin bat egiten ez duen akordiorik ez dutela nahi gaineratu zuen Lopezek, hilaren 27ko emaitzen biharamunari begira jarriz. «PSEk ez du gobernatu nahi soilik boterea edu- kitzeko, baizik eta herria politikoki eta sozialki eraldatzeko», azaldu zuen PSEko idazkari nagusiak hauteskundeen osteko akordioen gaineko asmoez inguruan sakonduz.

Arabako Batzar Nagusietarako PSEko hautagai Txarli Prieto izan zen parte hartzen azkena. «Demokrazia onartzen ez dutenek» azken egunotan egindako sabotajeak salatu zituen, beste behin ere ezker abertzalearen eta PPren aurka ekiteko baliatuz Gasteizko ekitaldiko amaierako hitzartzea.

«Fribolo frustratua"

«Dagoeneko Espainia osoak daki Rajoy oso abertzale eskasa dela, eta, are gehiago, irabaziko zituela esan zioten hauteskunde batzuk galdu dituen fribolo frustratu bat dela», azaldu zuen Blancok Rajoy hautagai galtzailea dela esateko.

 

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo