GARA > Idatzia > Zirikazan

Josebe EGIA

Argi eta garbi: ez

Emakumeen aurkako indarkeriaren inguruan dagoen guztiari buruz ezer gutxi geratzen zait esateko, eskatzeko edo salatzeko txoko honetan. Abailgarria zait -oso- indar biziz dirauen eta, antza, irauteko itxura guztia daukan arazo horrek ez eragitea jendartean eragin beharko lukeen alarma eta arbuioa.

Dagoeneko hamar urte iragan dira Ana Orantesen erailketa gertatu zenetik. 40 urte iraun zituen bere infernu pertsonala telebistan kontatu zuen emakumearena, ondoren senarrak bizirik erre zuenarena. Emakumeen aurkako terrorismoaren kontrako borrokan inflexio puntua izan zen kasua, atzera bueltarik ez daukan arrazoi bategatik: arazoaren dimentsioak eta larritasunak kontzientzia sozialean eragin zuen.

Ordutik, gauzak asko aldatu dira. Era guztietako neurriak asmatu eta eraldatzen joan dira, legeak sortu eta osatu, milaka ikerketa eta sentsibilizazio kanpaina burutu dira, auzitegi bereziak martxan jarri dira... Lehen arazo «domestikotzat» hartzen zena -norberaren etxean gertatzen dena norberaren arazoa bakarrik da- orain jendarte osoak pairatzen duen indarkeriatzat hartzen da, legez behintzat, paperean.

Emakume guztioi eragiten digun heinean -ez, batzuek ikusi nahi duten bezala, «emakume batzuek soilik» sufritzen dutena- jendarte mailako arazoa da. Hildako asko utzi dizkiguna. 2007 urtea nola doan ikusita, hildako asko utziko dizkiguna. Ondorioz, geure buruari galdetu beharko genioke nola den posible horrek horrela izaten jarraitzea. Nola, zergatik ez den hiritarren kezka handienetarikoa horri aurre egitea. Guztiok hausnartu beharko genuke, norbanako eta kolektibo bezala, beste alde batera begira eta konponbidea gutxi batzuen eskuetan lagatzen bizitzeak sorrarazi beharko ligukeen eta sortzen ez digun lotsari buruz.

Izan ere, indarkeria kasuak murriztuz ez doazela eta «gizon boteredun-emakume menpeko» dinamikak etenik ez duela garden baino gardenago ikusita, erasotzaileei begira jarri beharko ginateke. Euren inguruan presio sozialik sentitzen ote dute? Dituzten jarrera eta jokabideen aurrean mespretxua eta erantzun zuzena jasotzen ote dute? Hautemango ote dute jendarteak ez diela utziko, ezta bere espresio txikienean ere, alboan duten emakumea jabetza, esklabua, azala eta hezurra bihurtzen? Argi eta garbi: Ez.

Katea puskatzeko ezinbestekoa izanik, gure gain hartu beharko genuke lan hori. Poliziek euren lana egin dezatela, psikologoek, hezitzaileek, guk -lankide, lagun, auzoko edo ezagun.

Eta, batik bat, epaileek. Euren lana behar bezala bete dezatela. Azkenaldian hartu dituzten erabaki batzuek itolarria eta haserrea sentiarazten dute, arlo politikoan bezala. Eska diezaiegun irmoki epaia ematerako orduan adarrik ez jotzeko, duten erantzunkizuna ez baita txantxetakoa. Ez dezatela jarraitu estereotipo zahar eta ez errealei arnasa ematen: erasotzaileak burutik jota daude, drogazaleak edo alkoholikoak dira, klase sozial baxuetan gertatzen den fenomenoa da, etorkinak dira gehiengoa...

Kontua aurrera egitea da eta ez atzera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo