Konponbidearen alde Amnistia Eguna egingo da ekainaren 10ean Errenterian
Orain dela 30 urte, amnistiaren aldarrikapena bere eginez, Euskal Herria kalera atera zen. Mobilizazio jendetsu ugari izan zen, baita errepresio basatia eta zazpi hildako ere. Orain, hiru hamarkadaren buruan, gatazka konpontzeko aukera bere horretan denean, Amnistia Eguna antolatu dute ekainaren 10ean Errenterian. Orduan bezala, orain ere, amnistiak esanahi eta balio sahiestezina duelako: benetako konponbide baten zentzua bere baitan biltzen duelako.
Gari MUJIKA |
Orain 30 urteko Amnistia Asteetan Euskal Herrian izandako mobilizazio jendetsuak eta gertakari lazgarriak -manifestazioetan parte hartzen ari ziren sei euskal herritar hilik suertatu ziren polizia espainolen tiroen ondorioz- oroimenenean presente izanik, egungo egoerarekin antzekotasun handiegiak dituela gogorarazi dute Erren- terian. Orduko aldarrikapena, are eta garrantzi handiagoarekin, egungoa ere badela nabarmendu dute; Amnistiak, «gatazka iraunarazten duten arazoei soluzio politikoak ematearekin batera, gatazkak eragin dituen ondorioak gainditzea ahalbidetzen duelako». Hala, benetako konponbide baten alde, Amnistia Eguna antolatu dute Errenterian datorren ekainaren 10ean.
Aste honetan bete da 1977ko maiatzean amnistiaren alde izandako herri mobilizazio indartsuen urteurrena. Protestaldi horietan parte hartu zuten lagunekin, zaurituak suertatu ziren makina batekin eta zendu ziren euskal herritarren senideekin Orereta-Euskal Herria Ekimena aurkeztu zuten atzo. Horretarako aukeratu zuten lekua ere ez zen nolanahikoa, orain 30 urte Errenterian jazotako mobilizazioetan, ikaragarrizko errepresioarekin kolpatu baitzituzten, hainbat herritar hil arte.
Lander Garro idazleak eta Ismene Bakedano eta Jose Cerrato ekimenaren bozeramaileek hartu zuten hitza prentsa agerraldian, eta amnistiak, orain 30 urte bezalaxe, Euskal Herrian zentzu eta balio sahiestezina duela adierazi zuten, amnistiaren aldarrikapenaren baitan, gatazka politikoaren eta bere ondorioen benetako konponbidea jasotzen delako. Eta Euskal Herriak egun bizi duen egoera politikoari so eginez, benetako irtenbide baten alde, Amnistia Eguna antolatu dute.
Iragana presente izan gabe Euskal Herriko errealitate politikoa ulertzea ezinezkoa dela azaldu zuten, eta 1977ko maiatzetik gaur arteko ibilbidea egin ahal izateko ere, eta burujabetza, agertoki demokratiko baten beharra edo-ta konponbidearen inguruko eztabaida egun pizturik egon ahal izateko, borrokak izan duen balioa nabarmendu zuten.
Orduan eta gaur, EAJ berdin
Orain 30 urte Euskal Herrian benetako trantsizio demokratikoa egin ez izanak, «arduragabekeria horrek», belaunaldi berriak gatazkan bizitzera zigortu dituela salatu, eta oraingoan ere, berriro sasi irtenbideak hartzeko nahia duten alderdiak badirela deitoratu zuten.
«Gaurko eta orduko egoerak antzekotasun handiegia dute eta horixe da demokraziaren gezurra agerian uzten duena», esan zuten Orereta-Euskal Herria Ekimeneko kideek. Horren erakusgarri jo zuten, besteren artean, «orduantxe bezala, demokraziarekin zerikusirik ez duten hauteskunde batzuen erdian egotea». Orain 30 urte, «Euskal Herrian gutxiengo demokratikoen alde indarrak eta adostasunak biltzeko ahalegin guztien kontra», EAJ Adolfo Suarez orduko presidente espainolarekin «bere interesak hitzartzera» joan zela salatu zuen, eta orain Josu Jon Imazen eta Iñigo Urkulluren esanek eta jokabideek ildo bera jarraitzen dutela ohartarazi zuten.
Hala ere, eta urteotan errepresio politikoa bere horretan mantendu edo areagotu arren, PSOEk eta EAJk «errezeta» horiek mantentzea eta gatazkaren konponbidearen aldeko nahia errefusatzea ezinezko dutela nabarmendu zuten, urteotako parekotasunak alderatuz. Hala, amnistiak bere baitan daraman benetako konponbidearen aldarrikapenaren jiran indarrak metatzeko, Amnistia Eguna izango da ekainaren 10ean Errenterian.
Orereta-Euskal Herria Ekimenak helbide elektronikoa jarri du abian. 1977ko gertakarien berri edo-ta Amnistia Egunaren gaineko informazio guztia aurki daiteke www.oreretaeh.org webgunean sartuz gero.