GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

«O! eguna laburregia izan da!", erran zuen makina bat lagunek iluntzean

guzkia kukuka ibili zen atzo, senpereko bestari keinuak egiten, eta txapelez, betaurrekoz eta bainujantziz bete zen laku ingurua. baita motxilaz, ogitartekoz eta botilaz ere. objektu horien guztien jabeek parranda egin zuten, aspaldiko lagunekin egon ziren eta egun ederra pasatu zuten euskara bultzatu bitartean. e

Bazkalorduan hasi ginen Herri Urratseko giroaz gozatzen, Sarrera Nagusiaren ondoan zegoen Nafarroa gunean. Uneren musika, haizearen laztana eta zelaiak txoko guztietako euskaldunez gainezka. Alai zeuden denak... eta euforiko ere bai batzuk: beren burua maldan behera iraulka erortzen uzten zutenak eta laku lohituan igerian ari zirenak, adibidez. Bero egiten zuen eta txakur batek putzu marroi batean aurkitu zuen freskura. Animalia eskuzabala izanen zen, bere buruaz gain bertzeetaz ere arduratzen zelako eta gogor astintzen zuelako ilea inguruko guztiak bustiz.

Batzuk jan-edanean eta bertze batzuk horretarako toki egoki bila ari ziren bitartean «Amnistia eta askatasuna. Euskal presoak etxera» leloa zuen kartela pasatu zen ondotik, eta gibeletik etorri ziren ikurrinak, preso eta errepresaliatuen irudiak eta solidarioak.

Berako eta Arantzako ezagun batzuek agurtu gintuzten orduan. Leire, Saioa, Maider eta Iñigo ziren, solomo ogitartekoak eta zerbezak eskuetan. Ordurako itzulia egina zuten eta atseden hartzeko eta kuluxka bat egiteko asmoz zeuden, kontzertuetako musika belarrietan xuxurlaka. «Lasai-lasai gabiltza -kontatu digu Leirek-. Dagoeneko ez da gazteagoak ginenean bezala».

Borrokaldi txikien eta futbol partida inprobisatuen agertokia ere bazen zelaia utzi eta Bizkaia Pasealeku eta Ikusgunea izena zuen aldera abiatu ginen. Bat-batean, haur batzuk ikusi genituen airean ibiltzen eta Herri Urratseko magia izanen zela pentsatu genuen. Baina zuhaitzetik zuhaitzera lotutako sokak ikusi genituenean konturatu ginen ezetz. Eli, Ander, Aitor, Jon eta Ainhoa donostiarrak ezagutu genituen bertan, egurrezko eskailera hegalarietan zebiltzan umeei begira. Lehenbizi artisau postuetan izan zirela erran ziguten eta bigarren geldialdia zutela hori.

Pixka bat gehiago ibili eta helduen tirolina ikusi genuen: ziztu bizian pasatzen zen jendea lakuan txalupan ibilki zirenen eta zisneen gainetik, koheteak bezala. «Euskal Herria diagu zain, presoak eta hilak ere bai...» ari ziren kantari Peio eta Pantxoa; Lapurdi gunera iritsiak ginen seinale. Bilboko eta Lekeitioko lagun talde batekin egon ginen bertan: hiru ordu eman zituzten errepidean Lapurdiko herrira ailegatzeko, ilarak zirela-eta, baina kontent ziren, sabela zikiroz goxatua baitzuten. Hala ere, oraindik erdia bakarrik bazkaldua zutela erran ziguten. «Orain goaz ogitarteko eta edarien bila».

Peio eta Pantxoaren doinuekin, publikoaren saltoekin eta oihuekin pixka bat hunkitu ondotik zikiroa erretzen ari ziren Jose Anjel, Gonzalo, Jesus, Kote eta Peio Zugarramurdiko lagunekin egon ginen berriketan. Goizeko zortzietan hasita, egun osoan hogei bat zikiro prestatuko zituztela jakinarazi ziguten. Gero, laneko beroa uxatzeko zerbeza batzuk hartzera joateko asmoa zuten bostek. Animalia erreen tokitik hagitz hurbil, Maule aldetik joandako familia bat zegoen, enborren gainean zikiro ogitartekoak jaten. Gogoz miazkatzen zituzten hezurrak. Azaldu zigutenez, besta sortu zenetik ez dute Senpereko hitzordura hutsik egin. Hogeita lau urte badira ordutik eta jaiak Hego Euskal Herriko lagunak egiteko balio izan diela erran ziguten. Zarauzko adiskideekin batera Zpeiz Mukaki dantza taldea ikustera joatekotan ziren Gipuzkoa gunera.

Kultura, gizarte, politika, komunikazio eta irakaskuntza arloko lagun anitzek ere egin zuen bat «Urrats bat, zazpi nahi» leloarekin; Koldo Tellituk, adibidez. Ikastolen Konfederazioko presidente berriak kontatu zuenez, elkarlan interesgarria jorratzen ari dira Seaskarekin. «Konfederaziorako egituratze berri baterako asmoa dugu eta Seaskako jendearekin ari gara ideia lantzen. Antolatzen ditugun zerbitzuek indar berezia izan behar dute Iparraldean, egoera zailak hala eskatzen duelako».

Seaskako egoitzez arduratzen den elkarteko ordezkari Peiok eta Maixanek jakinarazi zigutenez, bi ikastola berri-berri eraikiak dituzte Hazparnen eta Garazin, 2002an lehena eta 2003an bigarrena. Iaz Ziburuko kolejioa eraiki zuten eta orain bertan ari dira Larzabalen barnekaldeko kolejioa eta lehen mailako ikastola egiteko lanak bukatzen. Hamaika proiektu dute esku tartean: Kanboko Xalbador berritzeko asmoa dute eta horretarako izanen da atzoko bestan lortutako diruaren puska bat. Hala ere, bertze Herri Urrats bat ere egin beharko omen dute egitasmo handi eta dotore hori aitzinera eramateko.

Ikastolen Egoitzak izena duen elkarteko kideek argitu zutenez, toki falta baino gehiago gela zaharkituak izatea zen Seaskaren arazoa. «Lehen laster muntatzen ziren ikastolak gela zahar eta prefabrikatuetan,baina orain baldintza onak behar ditugu ikasle eta irakasle guztientzat, ikastolara joateko gogoa izan dezaten», azaldu zuten.

Maite Erdotzainzi Hazparneko Ezkia ikastolako irakaslearekin ere mintzatu ginen eta han «arras ongi» direla aitortu zigun. «Kontent gara gero eta haur gehiago dugulako; 150etik goiti ditugu. Beharrezkoa da hori, eskualdean euskaraz mintzatzen direnak hiltzen ari baitira. Gutxi gara ondotik heldu garen euskaldunak eta behar-beharrezkoa da ikastolaren garapen hori, tresna izugarri egokia delako hizkuntza sustatzeko», kontatu zuen.

Maider IANTZI

ONDARROAKO ERRALDOIAK

Eñaut eta Asier Ondarroako Artelan Kultur Elkartetik joan ziren Senpereraino erraldoiz jantzi eta bestalariak alaitzera. Euskaraz solastatzera animatu zituzten modu horretan haur, zahar eta gazteak.

LASAITASUNA

Lasaitasuna ibilki zen herritarren ahoan. Bertze urteetako jende pilaketarik ez zela erran zigun Battitt antolatzaileak ere. «Zoragarri doa eguna. Badirudi bertzetan baino lagun gutxixeago etorri dela, baina lana bada eta kontent gaude».

SAGARDOTEGIA ERE BAI

Hirurehun bazkaltiar baino gehiago ikusi genituen tortilla, txuleta, gazta eta intxaurrak giro ederrean jaten. 15.30ean oraindik tokirik bazen galdeka ari zitzaion jendea Patrik ikastolako aitari.

LAGUNAK EGITEN

Herri Urrats lagun zaharren topalekua izan ohi da, baina baita berriak egiteko toki ezin hobea ere. Maule aldeko familia bat, adibidez, beti elkartzen da zikiroa erretzen duten gunean bestan ezagututako Hegoaldeko lagunekin.

KOLDO TELLITU

Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko lehendakariaren hitzetan, urtero berritu beharreko arnasa da Herri Urrats, baina politika ez da laguntzen ari. «Gure indarrez egingo dugu arraun ikastoletan, ohituta gauden bezala».

MIREN AZKARATE

Lakuako Kultura sailburuak auzolanerako deia egin zuen, hori baita beretzat euskara bizitzeko bermerik onena. Herri Urrats urtean behin dela oroitarazi zuen eta hizkuntzaren aldeko urratsak egunero egin behar direla erran zuen.

KARMELE AIERBE

Batasuneko eledunaren arabera, bertze hizkuntza politika bat egituratu behar da, gaurkoak ez duelako balio euskalduntzeko. «Administrazioko kide askok ez daki euskaraz. Zer politika gara daiteke horrela?», galdegin zuen ataundarrak.

KOLDO TELLITU

«Asko gara helburu beraren alde ari garenak eta denon artean amarauna osatzea lortuko dugu», erran zuen Tellituk baikor, eta jarraian eskerrak eman zizkien uholdeetako kalteak moldatzeko zintzo lanean aritu direnei.

ANDRES URRUTIA

Euskaltzaindiako lehendakariak, Andres Urrutiak, sentimendu gazi-gozoak zituela adierazi zuen atzoko bestan, eta kulturaren eta nortasunaren galerak konpontzea uholdeen kalte materialak moldatzea baino zailagoa dela azaldu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo