GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gehituk EBko homofobia eta transfobia salatu ditu

Oraindik ere munduko hainbat estatutan homosexual eta transexualak gogor zigortzen dituztela kritikatu zuten. Era berean, Latorrizko Gehitu saria jakinarazi zuten. Aurten PP, UPN eta EAJko zazpi parlamentariri egokitu zaie, homosexualen ezkontza eskubidearen aurka egiteagatik.

Maider EIZMENDI |

Hamazazpi urte beteko dira gaur Osasunerako Mundu Erakundearen batzar nagusiak homosexualitatea buru gaixota-sunen zerrendatik baztertu zuenetik, eta horrek ekarri zuen aurrerapausoagatik, Homofobiaren eta Transfobiaren aurkako eguna izendatu dute. Gehituko kideek beharrezko jo zuten atzo egindako agerraldian «pertsona homosexual eta transexualei zaien gorroto irrazionalaren aurkako eguna» antolatzea; haien esanetan, oraindik ere «bidegabekeria» ugari gertatzen baita.

Koldobike Mujika eta Sergio Iñiguez Gehituko kideek nabarmendu zutenez, munduko zortzi herrialdetan gutxienez indarrean mantentzen dute heriotza zigorra homosexualentzat, eta beste estatu batzuetan, kartzelazigorrak ezartzen dituzte. «Baina ez dago urruti joan beharrik, Europar Batasuneko herrialde batzuetan lesbiana, gay eta transexualek bizi duten egoera ez da samurra», adierazi zuten. Hala, Poloniako Gobernuak agertu duen «homofobia eta transfobia» onartezina dela adierazi zuten. «Gobernu horrek bere lege-proiektuan proposatzen zuen pertsona lesbiana, gay edo transexualak ikastetxe guztietatik kanporatzea eta maitatzeko molde askotarikoei buruzko erreferentziak desagerraraztea», azaldu zuten.

Homofobia soziala

Gehituko kideek homofobia soziala zigor koderik txarrena baino hilgarriagoa izan daitekeela esan zuten. «Brasilen homosexualitatea guztiz legezkoa da eta, hala ere, 2.000 pertsona inguru izan dira erailak azken 20 urteoten, sexu joera edo genero identitatea direla kausa», azaldu zuten. Lan esparruan egiten dieten bereizkeria ez zuten alboratu nahi izan Gehituko kideek. «Bereziki gogorrak dira pertsona transexualen artean dagoen langabeziaren datuak, %80koa baita», nabarmendu zuten. Bestetik, eskola arloan egin diren hainbat azterketa ahoan hartu zituzten, eta bullying kasu askoren atzean homofobia dagoela adierazi zuten.

Homofobiaren eta transfobiaren gaineko azterketa egitearekin batera, urtero egin ohi duten modura, Mujikak eta Iñiguezek «lesbiana, gay eta transexualen eskubideen, duintasunaren eta berdintasunaren aurkako lanean nabarmendu delako» aurtengo Latorrizko Gehitu sariaren irabazlea jakinarazi zuten. Aurten, otsailaren 27an sexu bereko pertsonek osatutako bikoteen ezkontzeko eskubidearen aurka bozkatu zuten Hego Euskal Herriko parlamentariei egokitu zaie. «Zehazki, Alderdi Popularreko lau parlamentari, UPNko bi parlamentari eta EAJko parlamentari bat izan dira sarituak», azaldu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo