GARA > Idatzia > Musika

Musika taldeak, garapena eta promozioa

Talde batek ez badu publiko arrakasta handiegirik ez delako oraindik ezaguna, beste talde indartsu baten itzalean abiatzaile gisa aritzea da egin daitekeen ekintzarik biribilena. Normalki abiatzaileek ez dute kobratzen, edo ezer gutxi, baina bigarren mailako talde horrek indartsuaren babesean lor dezake publiko berriaren onespena eta arrakasta. Oso inbertsio ona da, nahiz eta hasieran oso garesti atera gastuak ordaintzea.

Ritxi AIZPURU

Musika argitaratzailea

Duela denbora gutxi, lankide batek galdera hau bota zidan: «Mezenas bat etorriko balitzaizu esanez dirua duela musika talde bat babesteko eta ezagun egiteko, zer nolako erantzuna emango zenioke? Demagun 24.000 euro dituzula. Zer egingo zenuke?». Literaturan badago ohitura idazleei bekak emateko liburua idatz dezaten. Diru sariak ere ematen dira, baina diru-laguntza, beka dela edo saria dela, idazleari zuzenduko zaio beti. Lan-kontratoz ematen dira sariak. Nik, ordea, beste erabilpen desberdina emango niokeela aitortu nion. Ongi dago egilea edo musika-sortzailea zuzenki saritzea edo bere lana diruarekin ordaintzea. Ordainketa horren alde nago, baina geroxeago jasoko luke. Nik horrela «inbertituko» nuke mezenas horrek emandako dirua. Masterra edota kontzertuak grabatzeko, gehien jota, estudioan 5.000 euro «xahutuko» nituzke. Taldeek normalki nahiago izaten dute izugarrizko grabaketa, xehetasun txikienak muturreraino zaindu eta master dotorea grabatu euren ohorea edo, hobeto esanda, euren egoa altu uzteko. Ez dut esan nahi edozein eratako grabazioa eta masterra onartu behar denik. Diskoaren diseinua eta fabrikazioa ere gastua da. Gainerako dirua promozioan sartuko nuke, bi bideko promozioan: zuzenekoan eta zeharkakoan. Irrati, egunkari, aldizkari, fanzine, telebista eta webetan egindako elkarrizketak zuzeneko promozioan sartzen dira. Iragarki ordainduak irrati, telebista eta aldizkarietan. Harreman zuzena salmenta puntuekin, dendetan taldearen kartela eta entzunketa puntuan egon dadin. Baina beti gordeko nuke dirua zeharkako promoziorako. Zuzeneko kontzertuak ematea da zeharkako promoziorik onenetarikoa. Talde batek ez badu publiko arrakasta handiegirik ez delako oraindik ezaguna, beste talde indartsu baten itzalean abiatzaile gisa aritzea da egin daitekeen ekintzarik biribilena. Baina talde indartsu horien abiatzaile izateko, dirua eskatzen diote talde txikiari. Normalki abiatzaileek ez dute kobratzen, edo ezer gutxi, baina bigarren mailako talde horrek indartsuaren babesean lor dezake publiko berriaren onespena eta arrakasta. Oso inbertsio ona da, nahiz eta hasieran oso garesti atera abiatzaile gastuak ordaintzea. Ospea irabazi beste taldearen itzalean, eta gero nork bere kasa jo eta hasi inbertitutako dirua berreskuratzen. Baina, lehenbizi, konfiantza osoa behar duzu izan apustua egingo duzun talde horrengan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo