GARA > Idatzia > Gutunak

Anjelmari Lopez, Jonjo Agirre... Altsasuko Aralarreko kideak

Argibide batzuk Altsasuko EAE-ANVkoei

Igande arratsaldez Nafarroa Bai-ren ekitaldia egin genuen Altsasuko Gure-etxean.

Hasi orduko plazan ziren EAE-ANVren zenbait jarraitzaile, pankarta bitxia eskuetan eta gure jendeari oihuka. Espero genuen arren, ohi bezain tristea iruditu zitzaigun ikuskizuna.

Edonola ere, argibide batzuk eskaini nahi genizkieke EAE-ANVko erkideei:

Bat. Aurreko egunean UPNko ordezkari xelebre gehienak izan ziren Altsasun: Sanz, Catalan, Marcotegui... EAE-ANVko ordezkaritzarik ez genuen ikusi UPN-PPkoei «ongietorria» egiten.

Ahaztuta? Bitxia...

Bi. Besteren artean, pankartadunek demokrazia aldarrikatzen zutela iruditu zitzaigun. Geuk ere demokrazia nahi dugu. Pozten gara horretan behintzat bat etorri izanaz.

Hiru. Pankartaren edukia ikusita, bildutakoak nahastu zirela uste dugu:

Ekitaldia Nafarroa Bairena zen.

Nafarroa Bai alderdian, Aralar, Batzarre, EA, EAJ eta independenteak elkartu gara.

Informazio gehiago www.nabai.org web gunean.

Lau. Altsasu Baik egitarau aurrerakoia, parte-hartzea bultzatzen duena, euskaltzalea eta zabala osatu du. Lanak izan ditugu horretarako, hiru talde ezberdin eta independenteen adostasuna eta akordioa landu behar izan ditugulako.

Zerk ematen dizue min?

Bost. EAE-ANVrekin hitz egiteko eta akordioetara heltzeko prest gaude, beste talde guztiekin bezalaxe, Altsasuarron onerako bada. Baina akordioak lortu ahal izateko, adostasunetara heldu beharra dago eta horretarako, lehenik, aurrean dagoenarekiko errespetua ezinbestekoa da.

Horrek, besteon ekitaldiak bakean egiten uztea dakar berarekin, besteren artean. EAE-ANVkideak errespetuz jarduten hasteko prest daude?

Eta sei. EAE-ANVk erakutsi duen jarrera eta «ezezagunek» zabaldutako orrien edukia ikusita, badirudi etsaia NaBai dela.

Hala bada, EAEren etsaia Nafarroa Bai baldin bada, Altsasuko Udaletxean norekin jardungo dute elkarlanean EAEren zinegotziek? UPNrekin?

Edukazioz eta errespetuz bada, nahi duzuen arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo