GARA > Idatzia > Euskal Herria

Independentziaren aldeko martxek hainbat eragileren babesa jaso dute

Hauteskundeen zurrunbilotik at, baina hilaren 27ko hauteskundeen karietara jazotzen ari diren gertaerak salatuz, independentziaren aldeko manifestazioak egingo dituzte bihar hainbat hiriburutan. Gazte independentistek antolatuta, gazte mugimenduko hainbat eragileren babesa jaso dute mobilizaziook. Izan ere, guztiek, bakoitzak bere eremutik, independentziari ateak irekitzearren egiten baitute lan.

Gari MUJIKA |

Gazte mugimenduko hainbat eragile bihar hainbat euskal hiriburutan independentziaren alde egingo dituzten manifestazioei atxiki zaizkie, eta horietan parte hartzeko deia egin diete euskal gazteei. «Inposaketarik ez, gazteok independentzia» lelopean antolatu dituzten mobilizazioetan parte hartuko dutela adierazi zuten atzo hainbat eragilek; hala, «gazteriaren ahotsari eta aldarrikapen guztiei bide emateko».

Independentziaren alde egiteko Arabako Lautadan apirilean mendi martxan parte hartu zuten milaka gazteren nahia kontuan hartuta, orain dela hiru aste gazte independentistek harreman dinamika bat jarri zuten abian, gazte mugimenduko zenbait eragilerekin, euren proiektuen eta egitasmoen berri emateko xedez. Harreman horien ondorioz egin zuten atzo Donostiako agerraldia. Hain zuzen ere, bihar egingo dituzten manifestazioekin bat egiten dutela azaldu zuten.

Egoitz Garmendia eta Irati Mujika gazte independentistak alboan zituztela, hainbat taldetako ordezkariek hartu zuten parte. Besteren artean, hauetako eledunek: Ikasle Abertzaleak, EtxeGorri plataforma, Gasteizko eta Iruñeko gazte asanbladak, Irundarrok gazte peña, Kaskagorri konpartsa, Donostiako Piratak, eta Gaztesarea eta Xirika.

«Guri hitza eman gabe»

Aste eta erdi barruko hauteskundeak hizpide hartu zituzten, eta politikari guztiek, orain, gazteen arazoak etengabe ahotan darabiltela salatu zuten: «Denek hitz egiten dute gutaz, baina guri hitza eman gabe».

Baina politikari berberek, urte osoan, errealitatetik urrun dagoen gazteen deskribapena plazaratzen dutela kritikatu zuten; gazteria «alferra», «drogazalea, «irizpide gabea»... dela esatea gaitzetsi zuten. Eta errealitatea guztiz bestelakoa dela esan zuten; hain zuzen ere, eurek, gazte mugimenduko eragileek, erakusten dutena.

Izan ere, etxebizitza eskubidearen alde, hezkuntza sistema propio baten alde, komunikabide alternatiboen edota herri jai ereduen alde aritzen dira lanean gazte horiek, egunerokoak eta sistematikoak diren gazte arazoak gainditzearren.

«Alorrez alor, bakoitzak bere eremu propiotik, independentziari ateak irekitzen aritzen gara, independentzia baita gazteon eskubideak bermatuko dituen eta gure bizimodua era askean garatu ahal izateko bitartekoak eskainiko dituen proiektu bakarra», esan zuten gazteek.

Hala, bihar «Inposaketarik ez, gazteok independentzia» lelopean egingo dituzten manifestazioekin bat egin dute eragileok, eta parte hartzeko deia egin diete gazteei. Iruñean, 13.30ean, NUPen ekitaldia egongo da; bestetik, Donostian 19.00etan eta Gasteizen 20.30ean herrialdeko manifestazioak izango dira.

manifestazioak

«Inposaketarik ez, gazteok independentzia» lelopean, mobilizazioak egingo dituzte bihar Iruñean, Gasteizen eta Donostian. Bizkaian, berriz, herrialdeko manifestazioa Leioako campusean izango da, maiatzaren 24an.

EKITALDIA

Bihar, 13.30ean, ekitaldia egingo dute Iruñeko NUPeko kideek. Donostian, berriz, 19.00etan, Bulebarretik abiatuko da herrialdeko protesta; eta Gasteizen, 20.3oean, Andra Mari Zuriaren plazatik irtengo da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo