GARA > Idatzia > Kultura

«Isturitzetik Tolosan barru» berriro, Joxanton Artzeren eskutik

«Isturitzetik Tolosan barru», Joxanton Artzek 1969an argitaratu zuen poema liburu berri eta berritzailea, ia berrogei urte geroago berriro plazaratu dute Pamielak eta Arteolak, edizio faksimilean plazaratu ere. Liburu horrek bere baitan du Mikel Laboak kantu bihurtu zuen «Txoriak txori» poema, beste askoren artean.

Martin ANSO | DONOSTIA

Xabier Lete, Mikel Laboa, Jose Angel Irigaray eta Ez Dok Amairu eta bere garaia bertatik bertara ezagutu zituzten beste hainbat lagun bildu ziren atzo Koldo Mitxelena kulturunean Joxanton Artzeren aurreneko liburuaren berrargitalpenaren aurkezpen ekitaldian.

«Isturitzetik Tolosan barru» oso berritzailea izan zen mamiz eta itxuraz. Mamiz, gaiak euskal poesian ezohikoak eta, garaiari zegozkion bezala, oso «beligeranteak» zirelako; itxuraz, berriz, bere baitan poema espazial eta, oro har, esperimentalak hartzen zituelako. Hain zen abangoardiako produktua ez zen multimedia kontzeptua oraindik sortzeko zegoenean ere, liburu hark testuak eta irudiak (eta testuekin osatutako irudiak) ez ezik disko bat ere eskaintzen zuen. 1969an.

Joxanton Artzek berak onartu zuen garai hartan, adibidez, poesia espaziala zer zen ere ez zekiela. «Esaterako, gero Ez Dok Amairun kantatu genuen `Gizona ta lana' poema egitera logika hutsa erabiliz iritsi nintzen. Poesia espaziala egiten zuten kanpoko poeten lana gero ezagutu nuen nik», esan zuen.

Jexux anaiarekin batera, Joxanton buru-belarri ari zen garai hartan Ez Dok Amairun, baina sei bat hilabeteko «eszedentzia» moduko bat eskatu zuen liburua biribildu ahal izateko. Makina bat pasadizo kontatu zuen langintza hartaz. Izan ere, gaur egun ere argitaratzen liburu ezohiko eta zaila bada, are gehiago orain dela berrogei urte. Zentsura eta Guardia Zibilarekin pasatutako zenbait gorabeheraren berri ere eman zuen. Esaterako, Artzek haiek «poema espazialak» zirela esan eta etxea miatzen ari zitzaion teniente hark, berriz, «poema espezialak» zirela ulertu zuenekoa.

«Isturitzetik Toloan barru»n plazaratu ziren lehen aldiz egun oso-oso ezagunak diren hainbat poema, horien artean, Laboak musikatu zituen «Txoriak txori» («Hegoak ebaki banizkio...») edota «Nire ama hil zait», baita Urkok abesten zuen «Usurbilgo elizaren hormak» ere.

Hala ere, liburu hura, aspaldi-aspalditik agortuta egoteaz gain, ia-ia ezezaguna da gaur egun. Hori dela-eta, belaunaldien arteko «transmisioa» erraztu nahian, Arteolak eta Pamielak, hainbat erakunde publikoren laguntzarekin, berrargitaratzea erabaki dute, edizio faksimilean berrargitaratzea erabaki ere, nahiz eta, esan bezala, «teknikoki» liburu zaila izan. Erronkari Itxaropenak egin dio aurre, hots, orain dela ia berrogei urte «Isturitzetik Tolosan barru» plazaratu zuen inprentak berak. Jatorrizkoarekin konparatuta, aldaketa bakarra diskoarena da, garai hartako binilozkoa gaur egungo CD batekin ordezkatu baitute. CD horretan grabazio zaharra dago gehi Artzek espresuki sartu nahi izan dituen lau poema berri.

«Nire ustez -esan zuen atzo Jose Angel Irigaray Pamielako argitaratzaileak-, 60ko hamarkadako gure kulturaren berezitasunetako bat oso sustraitua izatea zen, baina, aldi berean, oso irekia, oso unibertsala. Horren lekuko da liburu hau. Oso abangoardiakoa, oso garai hartakoa, baina, aldi berean, sustrai usaina duena».

1969an liburua plazaratzen lagundu zioten lagunak -Zumeta, Larruquert, Iñaki Nuñez...- espresuki aipatu nahi izan zituen Artzek atzo. Horietako batzuk -Mikel Garai, Xabier Unzurrunzaga, Julian Beraetxe...- KMn bertan egon ziren.

«Txoriak txori»k badu jarraipenik

Mikel Laboak musikatu eta ezagutarazi zuen «Txoriak txori» poema «Isturitzetik Tolosan barru» liburuan plazaratu zuen Joxanton Artzek lehen aldiz. «Tarteka -esan zuen atzo-, nire beste poema batzuk hartu eta, koma bat kenduz edo hitz bat aldatuz, zertxobait biribiltzen ditut. Poema honekin ere urte hauetan guztietan ahalegindu naiz, ea zerbait eransten uzten ote zidan, baina beharbada kanta bihurtuta dagoelako eta dagoeneko izaera apartekoa duelako, ez dit ukitzen utzi». Alabaina, orain dela hilabete batzuk poemak «ukitzen» utzi omen zion Artzeri. Atzo Koldo Mitxelenan irakurri zuen jendaurrean egun ia-ia himnotzat jo daitekeen «Txoriak txori»ren jarraipena.

M.A.

Ondoko laukian, jatorrizko poema eta ahapaldi berriak, atzo irakurri zituen hurrenkeran.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo