GARA > Idatzia > Editoriala

Prozesuari ez ezik, errealitateari ere bizkar

Auzitegi Goren espainolak ASBri alderdi politiko gisa erregistratzea debekatzearen garrantziak datozen hauteskundeetan jokoan dagoena gainditzen du. Alderdi berriak Alderdien Legeak ezarritako baldintzak betetzen ditu, inondik ere, eta beste baten oinordekoa omen delako legaltasunaren ateak ixteak Gobernuaren eskuetan jartzen du memento oro ezker abertzaleko alderdiak legeztatzea. Izan ere, horrelako edozein indarrek ezker abertzaletik beretik sortu behar du nahitaez. Hartara, Gorenaren erabakiak gorabehera handiko arazoa utzi du agerian. ASB ez zen ezker abertzalearen hauteskunde aukera hutsa, baizik eta prozesu politikoan aurrera egiteko tresna. Hori ere, edo batez ere, bazen. Eta tresna horren beharra ez zuen ezker abertzaleak bakarrik sumatzen. Hilabete askoan eskatu izan diote beste alderdi bat sortzeko, eta hala egin duenean, bizitza politiko normalizatuan parte hartzea ukatu diote.

Uko horren irakurketa kezka eragiteko modukoa da, harekin PSOEko Gobernuak bizkarra eman baitio prozesuari, edo, gutxienik, gaurdanik prozesu hori aurrera ateratzeko beharrezko pausoak emateari. Baina hartu duen bide horretan ez dago bakarrik, EAJren laguntza gogotsua du-eta. Rodriguez Zapaterok duela bi egun Gasteizen egin zuen diskurtsoak joan den otsailekora jo zuen. Indarkeriarik ezean, kontu politikoaz mintzateko prest agertu zen eta, bitxia bada ere, Irlandako prozesua izan zuen hizpide; prozesuak indarkeriarik ezara daramala erakutsi duen hori, alegia. Nolanahi ere, Imazek Estatuko bi alderdi nagusiei eskainitako itunak otsailera baino askoz atzerago jo zuen: Ajuria Eneko Itunaren garaira, hain zuzen.

Ondorioz, bi alderdi horiek prozesuari muzin egiteko edo, gutxienik, izozteko asmoa dutela esan liteke. Haien kalkulu politikoen araberako asmoa da, jakina, baina inola ere ez euskal herritarren nahia aintzat hartuta erabakia. Ezker abertzaleak prozesuaren aldeko apustua berretsi du behin eta berriz, eta joan den larunbatean bertan Bilbon bildutako milaka lagunek guztien artean ibili beharreko bideari lozeko eskatu zuten. Euskal gizartearen gehiengoa prozesua biziberritzearen alde inoiz baino sendoago agertzen denean, PSOEk eta EAJk prozesuari ez ezik, errealitaterari ere bizkarra ematen diote.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo