GARA > Idatzia > Pilota

Berezkoak Angeluko Torneoa

Waltari eta Etxeto izan dira finalerdietako bi onenak

Kubatarrak Loquillo izan zuen lagun, eta biarriztarrak, berriz, Larretxea, atzo Angeluko trinketean jokatu ziren finalerdietan, eta biak izango dira finalean

LARRETXEA-ETXETO 40

IDIART-OZAFRAIN 28

LOQUILLO-WALTARI 40

SORHUET-EZKURRA 25

Jon LEUNDA | ANGELU

Agusti Waltarik eta Thierry Etxetok atzo argi eta garbi erakutsi zuten une honetan sasoirik onena duten bi pilotariak direla. Elkarrekin bi lehiaketa irabazi dituzte, baina oraingoan bietako batek bakarrik irabaziko du. Kubatarrak Loquillo mexikarra izan zuen lagun, eta biarriztarrak, berriz, Larretxea zuraidetarra.

Lehen finalerdian Idiart eta Ozafrain ziren faborito, baina Thierry Etxetok sekulako sasoia duela erakutsi zuen. Garbi utzi zuen Binakakoa eta Donibane Garaziko Torneoa ez zituela kasualiatez irabazi, eta atzo ere berak erabaki zuen norgehiagoka.

Hastapenetik aitzineratu ziren irabazleak, eta berdinketa bakarra izan zen. Idiartek eta ozafrainek 13 eta 13 adostu zuten neurketa, baina hortik aitzinera finalean sartu zen bikoa jaun eta jabe izan zen.

Atzean Etxetok erabat menperatu zuen Ozafrain, eta Olivier Larretxeak aukerako pilota asko izan zituen aurrean kintzea finitu ahal izateko. Apurka-apurka aldea egiten joan ziren, eta galtzaileek ez zuten ezer egiterik lortu. Idiartek ez zuen partida txarra egin. Botearekin hobeto aritu zen. Larretxeak berak baino gehiago sartu zituen atzo, baina Ozafrainek gibelean ezin zuen ezer egin, eta amaieran Larretxeak eta Etxetok ongi merezitako garaipena eskuratu ahal izan zuten.

Bigarren finalerdiak ikusmin handia zuen, eta horretarako aitzakia asko zeuden. Alde batetik, Ezkurra II.a eta Waltari ziren aurrez aurre, egungo bi onenak. Bestetik Loquillo ere bertan zen. Pizgarri asko zituen.

Partida bera, ordea ez zen ikaragarri horietakoa izan. Hastapenean lapurtarrak aitzineratu ziren. Waltari atzo gibelean aritu zen, eta errestoan asko kostatu zitzaion. Mexikarra, berriz, jokoan sartu ezinik ibili zen

Bere maila eman gabe

14 eta 14 adostu ostean, ordea, bi amerikarrak indartu egin ziren, eta orduan agertu zen kubatarraren jokorik onena. Atzean erabat nagusitu zen, eta aitzinean pilota on asko utzi zizkion Loquillori. Mexikarrak konfiantza hartzen joan zen, eta aukerako pilotak ederki finitu zituen.

Bere maila eman ez zuen pilotaria Paxkal Ezkurra izan zen. Urruñarrak lesio txiki bat izan du, eta atzo ongi ez zegoela ikusi zen. Neguan zuen jokotik oso urrun dago, eta atzo ere ezin izan zuen. Gainera, urduri samar aritu zen, eta ez da gutxiagorako, azkenaldian ezin baitio Waltariri irabazi.

Abadiño

Pradejón

Cenicero

Abadiño

Itziar

Deportivo (17.00)

Galarreta (16.00)

Zaldibar (21.00)

LARRETXEA-ETXETO

40

IDIART-OZAFRAIN

28

LOQUILLO-WALTARI

40

SORHUET-EZKURRA

25

Amerikarrek joko berezia eskaini zuten

Loquillok eta Waltarik atzo eskaini zuten jokoa oso berezia izan zen. Hasiera batean mexikarra zen aitzinetik aritu behar zena, eta kubatarrak, berriz gibelean jokatu behar zuen. Partida hasi ere horrela egin zuten, eta lehen kintzetan ere horrela aritu ziren, baina gero behin baino gehiagotan aldatu ziren.

Jokoan bertan, bat gibelean eta bestea aitzinean aritu arren, besteari zegozkion pilotengana ere behin baino gehiagotan joan ziren. Sakeak ere biek atera zituzten. Loquillok gehiago atera zituen, baina Waltarik ere atera zituen. Mexikarrak bederatzi tanto egin zituen, eta bi kubatarrak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo