GARA > Idatzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Demokrazia stocka neurtu behar

Egunotan kanpainaz hitz egiten dutenean antxoarena etortzen zait burura aitaren batean, hauteskunde kanpainaz ari direla konturatu baino lehenago. Nire lehentasunen ondorio, segurue- nik. Baina tira, hor dira, buru-belarri han-hemenka, hautagaiak berbarik berba hautetsi izan nahian. Hitzontzikeria nagusi. Hormatan daude, bide-bazterreko hesitzarretan, eta faroletatik eskegita ere, edonon!; lelo hutsak dira, ez nago erretratuetan aurpegia ipìntzen dutenez, hartu dituzten sloganez baino. Lelo hutsak, berdin balio dutenak gauza baterako zein kontrakorako; hitzen ingeniaritza. Hiztegi entziklopedikoarenak egina du jada, edukia ez dagokio gehiago hitzari eginari baino, eta eginak ez dira hauteskunde kanpainotan azaltzen, hitzezko egin asmoak baino ez dira azaltzen. Kaka zaharra! Herri honetako lehorreko demokraziaren stocka neurtzeko kanpaina zientifikoa abiatu beharko zuen administrazioak, hautagaien karabanetan biologo jator bana ipiniz boto-arrantzaldian zehar; jakina, lehorrean den demokrazia apurrak ezin merkaturatuzkoa izan behar du, jelkideak ahoa bete hortz utzita, edo hobeto esanda, hortzak bete txantxar utzita.

Ama, ama! eskerrak badela ganorazko ezkerra! Kutsatuak kanpainan direnez agerian uzten daude besteon purutasunaren maila. Lagun batek zioenez zaborrik garbiena da zabortegira biltzen den hura. Tira, jelkideek ez dute gustuko distantzia motzeko kartel salatarien isiltasuna. Horra Bilboko alkatearen azken harrokeria: que les den morcilla! ANVko kideei eskainia. PNV barik PMV izango omen da geroan: Partido Morcillista Vasco. Baina betiko moduan, esan bai baina egin? inork ez zizkien kideoi odolosteak eman; are gehiago, emanda ere seguru ez zirela bertokoak izango. Ene, ene! jelkideenak goia jo du. Jaungoikoa eta lege zaharrak aldarrikatzen hasi eta Jauntxoak eta lege zatarrak defendatzen segi. JEL beti ere. Ez nau harritzen euren purutasunak, dutxan jel hori erabilita. Lege zatarrak bai, horra beheko Estatuaren Gobernuaren azkena, ASB alderdia jaio aurretik hil duela. Abortua zigorgabetzeko legearen gehiegizko interpretazioa gero! Larrua jotzen hasi ez eta abortuerazi! Susmoak izango ote zituzten han behin legeztatu ondoren euren ordenamendua hemendik tiraka larrutuko zutela? Ba horretan arrazoia dute, ez da profeta izan behar.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo