GARA > Idatzia > Hemeroteka

Iñaki Murua Euskal Herria. ARGIA

Udalak subkontratatu!?

(...) Nik, udalaren funtziorik interesgarriena herri dinamika sortzean dakusat; herritarrak zertan hartan lanean jartzean eta ez hainbeste obrak egin eta sekulako jaiak prestatzean, denon dirua erabiliz. Bai, denok dugu estimuan kostatzen zaigun hura eta beste gabe aurrean, eginda, jartzen digutena, akaso, aintzat hartu ere ez dugu egiten.

(...) Harriduraz jakin nuen Bizkaiko Enkarterrietan Olentzeroa ere subkontratatu egiten zutela -dutela?-, nahiz eta herriko euskara taldeak bereak eta bi egin ekintza bere gain hartzeko. (...)

Gipuzkoako Goierrin, herri txiki bateko jaietan, igande eguerdiz, lehenengo nire belarriek topo egin zuten herriko plazan erdara eta euskara txandakatuz ari zen aurkezlearekin. Herritar denek euskara ulertu ez ezik egin ere hark baino bikainago egiten zuten lekuan, bertako zein ari ote zen erdaraz ikustera hurbiltzean, nire begiek ezezagun batekin topo egin zuten. Harrijasotzaile nafar euskaldunekin; aizkolari gipuzkoar euskaldunekin eta oilar-poni- ahari... dantzan zerabiltzan euskaldun arabartu batekin eta han bildu ziren herritar taldetxoarekin nire hizkuntzan aritu nintzen. Ez zitzaidan buruan kabitzen herri hartan jaialdi hura subkontrata bidez ekarri izana. (...)

Bi adibide hauez gain beste sail bat ere ikusi dut eta pentsatu izan dut: udal ordezkari hauek nola lortu nahi dute herriak parte hartzea? Ikusleak hurbiltzea, partaide denak kristo etxekoak izanda? Zergatik gastatzen dute hainbeste diru «izenetan», herritarren arteko apustu eta desafioak merkeago eta interes gehiago pizten dutenak direla jakinda? Nola sortu nahi dituzte kirolariak? Esatariak? Aurkezleak? Antolatzaileak? Herritar arduratsuak? Herriko ekintzetan bustiko diren gazteak? (...) Azken batean, herri bizia?

(...) Badakit nire ikuspegiak udal ordezkarien bizia konplikatzen duela, bai. Baina, hori begi bistakoa da, karguak lana dakar (...)

Begira, gure udaletako ordezkari gehienek jarrera aldatzen ez badute -eta uste dut egoera okerrera egiten ari dela, gai honetan bederen- nik hauxe proposatzen dut: subkontrata ditzagun udal kudeatzaileak. (...)

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo