GARA > Idatzia > Musika

DISKO BERRIAK Aritz Sound System

Doinu jamaikarrak katalanez

Katalunian erritmo jamaikarrek duten indarraren erakusle garbia da talde hau. Reggae musikaren adar koloretsuak erakarrita sortu zuten piraten sound sistema eta, konturatzerako, bigarren diskoa plazaratu dute. Aurrekoarekin alderatuz, bigarren honetan sound sistema sendotuta dago; musikalki aniztasun handiagoarekin (beti ere doinu jamaikarren inguruan, baina dubari eta drum&basseari tarte handiagoa emanez) eta kolaboratzaile zerrenda amaigabearekin. Base erritmiko guztiak (bat kenduta, «Cristal Woman») eurek ekoitzi dituzte eta urteek ematen duten esperientzia nabarmendu da maila honetan ere. Kolaboratzaileei dagokienez, berriz, osotasuna ematen diote diskoari; besteen artean, La Troba Kung Fu taldeko Des Joan Garriga eta Toty Arimany-ren laguntza izan dute ahotsa eta nahasketetan, baita Martingalako Franki Da Silva edo Uri P, Hektor edo Sister Castro. Aipamen berezia merezi dute The Kinky Coocoo's taldeko Gemma Soles eta Leire Etxeberriak koroetan egin duten lan txukunagatik. Musikalki sendotuta datoz eta edukiei dagokienez beti bezain borrokalari (Katalunia herri aske eta ezkertiarraren bidean). Musika iraultzarako tresna dela erakustera datoz eta, askok uste dutenaren aurka, doinu jamaikarrak ere katalanez era duinean abestu daitezkeela argi erakutsi digute. Ahal izanez gero, ez galdu euren zuzenekoak, Euskal Herrian izan ditugunean behintzat zuzeneko indartsua eta koloretsua dutela erakutsi dute eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo