GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Itziar Aizpurua Egaña Ezker abertzaleko militantea

Herrizale=Ezkerabertzale

Igandean, ezin gara geratu botorik eman gabe; ezin dugu Euskal Herriaren eraikuntzaren aurkako botorik eman, UPN atera ez dadin. Behin batean, baskongadetan, PNVri eman zitzaion bezala, PP atera ez zedin. Erru ikaragarria!

Hautua egiteko eguna hurbiltzen ari zaigu, hauteskundeei buruz natzaizue, jakina. Hauteskunde bakoitza berezia dela esaten dute alderdi politikoek, eta geuri gauza bera iruditzen zaigu. Ezker abertzalean betidanik nabarmendu izan ditugu bata bestearengandik: Espainiako Gorteetako Hauteskundeak, zeintzuk Hego Euskal Herrirako eztabaida gune eta erabaki gune ez izateaz aparte, arrotzak ere badiren abertzale eta euskaldun garenontzat, eta, Udal Hauteskundeak eta Batzar Nagusietarakoak, zeintzuen ondorioz herritarren kezkak eta beharrak hur- bilago ikusirik, hein handi batean, herri eta hiri humanoagoak, eta parte-hartzaileagoak lortzen saia gaitezkeen.

Badirudi, Udal eta Batzar Nagusietako lanak, hain gustuko ditugun ezker abertzaleko militanteok, behin betiko desager gaitezen ahaleginetan badabiltzala beste indar politiko guztiak.

Ez dago urruti, ezker abertzaleak Anoetan eginiko proposamenarekin denok bat gentozen eguna. Aurrerapauso batzuk ere eman ziren, gure Herria normalkuntza bidean sar zedin. Autodeterminazioaren erreibindikapena, ikurtzat hartu zuten ia alderdi politiko guztiek.

Zer gertatzen zaie, orain, ezker abertzalea jipoitu, salatu, kriminalizatu eta desagerrarazteko bidea aukeratu duten alderdi politikoei?

Batasuna hauteskundeetan aurkeztea nahi duela, dio Ibarretxek: «para derrotarla en las urnas, porque ahí es donde hay que derrotarla». Baina, bere alderdiak daraman jokabidea, berak onartzen duena bestalde, ez da Alderdi Politikoen Lege horren aurka ekiten ari. Salatu bai, baina, telebista eta irrati saioetan hain ondo geratzen den hitz hutsezko «ekimenetik» aparte, ez du hatz bat ere altxatu.

Are gehiago: hain ondo baitatorkio lege hori, ezker abertzalea baztertzeko, pozik hartzen du PSOErekiko bere manporrero papera, ezker abertzalea suntsitu edo marjinala bihurtzeko. Azken batean, ez al da hori bien artean hartutako erabakia? Zapatero eta Josu Jonen arteko hainbat bilerak ezker abertzaleari mugak ezartzeko balio izango zuten noski: hau, bai; hau, ez...

PNVrengandik gure herriak itxaro dezakeena krudeltasun politikoa da. Begira dezagun Nafarroan, Na-Baiekin batera, jokatzen ari den paper negargarria: Sanz Gobernutik botatzearen kontuarekin gezurretan dabiltza, Euskal Herria eraikitzearekin zerikusirik ez duten aldaketak eskainiz. Ez dut uste Sanzek bildur asko pasatuko duenik ikusten ari den arerioak ikusita, ez horixe!

Zoritxarrez, horrek guztiak ondorio larri bat dakarkigu Euskal Herriko abertzale, ezkertiar, demokrata guztioi: gatazka politikoaren luzapena.

Alderdi politiko guztiak Batasunari eta ezker abertzaleari aginduka ari zaizkie egunero, haurrak balira legez: «biolentzia kondenatu eta legeztatuko zaituztete», noski ETAren biolentziaz ari dira... ez euskarak eta euskaldunok jasaten dugun biolentziaz; ezta gure izaera abertzale eta ezkertiarragatik sufritzen dugun errepresioari begira ere; gutxiago euskal preso politikoen bizi baldintzak kontuan izanda; tortura ez dute, noski biolentzia bezala ikusten... Izan ere, nola esango diote horri guztiari biolentzia praktikan «Alderdi politikoen Legea» onartzen dutenek? Bada, nik lehenago sinisten diot ETAri PSOE eta PNVri baino, orain arte bakoitzak daraman bidea ikusi eta gero.

«Erasoak desagertzen badira, prest gaude biolentziarik gabeko agertoki batekin konpromiso sendoak hartzeko», zioen GARAk eginiko elkarrizketan ETAk. Eta... nik bederen, horretan sinesten dut, goitik behera! Jarraitu beharra dago ahal dugun guztia egiten askatuko duen prozesu hau aurrera ateratzeko. Eta hor konpon bakoitza bere kontzientziarekin!

ETAren biolentziak beldurtzen dituela? Bai zera: ezker abertzale oro sendo eta zabal batek beldurtzen ditu.

Bideratuta genuela nioen iaz Jokini, nire ondotik alde egin eta gero; ez baitzuen astirik izan ezer susmatzeko. Baietz, esan beharko nioke orain; bideratuta dagoela ezker abertzalearengandik, itxaropen osoarekin gainera. Baina PSOEren eta PNVren aldetik etena dagoela, ezker abertzalearen aurkako saiakera lizunak barne. Hala ere, ez garela beldurtzen. Arrazoia dugunez, lortuko dugu Hego Euskal Herrirako Autonomi Estatutua, Autodeterminazio eskubidea gauzatzearekin batera, Euskal Herri Independentea eta Sozialismoa eraikitzea ahalbidetzeko.

Datorren igandean, ezin gara geratu botorik eman gabe; ezin dugu Euskal Herriaren eraikuntzaren aurkako botorik eman, UPN atera ez dadin. Behin batean baskongadetan PNVri eman zitzaion bezala, PP atera ez zedin. Erru ikaragarria!

Ezker abertzalearen proiektua ez dago salgai, eta ezin diegu bozik eman «prozesu politikoa» baztertzen dutenei.

Gaineratuko nuke, konpromiso handia dugula boz ematea debekatuta duten hainbat kide, lagun eta herritarrekin. Gutako bakoitza bikoiztu ezin garenez bozkatzeko, saia gaitezen behinik behin, boz berriak bilatzen. Elkartasun eguna ere, izan dadila ezker abertzalean.

Harrotasunez esan behar dizuet, ohore handiz joango naizela EAE-ANVri boz ematera aitarekin batera. Berak, 36ko gerratea Eusko Indarra EAE-ANVko Bataloiarekin egin zuen eta hori harro kontatu izan digu askotan Jokin eta bioi. Orain arte, hirurok elkarrekin joan izan gara hauteskunde tokira. Aurten, aitta eta biok bakarrik joan arren, Jokinen indarra eta maitasuna ere ipiniko ditugu papertxo horietan askatuko duen euskal prozesu hau aurrera atera dezagun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo