GARA > Idatzia > Kultura

Zentsurak euskal antzerkian utzi zuen aztarna, erakusketa batean

«Euskarazko antzerkia zentsuraren gurpilean 1940-1980» izenarekin erakusketa inauguratuko dute gaur arratsaldeko zazpietan, Oiartzungo Udaletxean. Euskal antzerkiaren historia biltzea eta ezagutaraztea helburu duen Arragoa elkarteak gizarteari begira antolatutako lehen ekintza izango da. Oiartzunen abiatu arren, ibiltari bokazioa du erakusketak.

Martin ANSO | DONOSTIA

Gerrak eta ondorengo frankismoak sekulako etena sortu zuten euskal kulturan. Eten hori nabaria da antzerkigintzan ere bai. Alabaina, iparraldean eta hegoaldean, egoerari aurre egiten saiatu ziren taldeak ez ziren falta izan. Talde horiek, ordea, zentsurarekin egin zuten topo. «Bakoitzak frankismoaren erasoari nola erantzun zion islatu nahi dugu, baita zentsurak hainbat antzezlanetan utzitako arrasto gogorra ere», adierazi zuen atzo Eugenio Arozena antzerkilari beterano eta erakusketaren sustatzaile nagusiak.

Egunotan, Oiartzunen, bisitariek ikusi ahal izango dute, beste gauza askoren artean, Barojak idatzi eta Letek euskaraz moldatu zuen «Altzateko Jaun»en debeku-agiria, edota nola Piarres Larzabalen lanak beste norbaitenak balira bezala aurkeztu behar izaten zituzten hegoaldean zentsura pasatzeko. Zentsoreen atzaparrak Xenpelarrengana ere iristen ziren, eta horren lekuko dira errenderiarraren hainbat bertso «seilatuta».

Zentsuraren gorabeherak

«Zentsuraren presioa ez zen beti bera izan -esan zuen Arozenak-. Gerrostean, antzerki tradizionalak, elizaren babesean eta agintari frankistak gehiegi sartu gabe, nola edo hala aurrera jarraitu zuen; 1960. eta 1968. urte bitartean, berriz, ETA agertu eta gazte mugimendu handia egon zen, antzerkigintzan ere islatu zena, eta zentsura gero eta gehiago esku hartzen hasi zen; azkenik, batez ere salbuespen legeak indarrean sartu zirenetik, gauzak nabarmen belztu ziren».

Zentsuraren eragina ez ezik, garai bateko giroa ere islatu nahi du erakusketak, eta horretarako bildu dituzte eskuizkribu historiko batzuk -esaterako, Azkueren «Sasi eskola» (1898) edota Anastasio Albisuren «Garoa (1936)-, eta, horiekin batera, Oiartzungo Intxixu, Donostiako Jarrai, Debako Goaz eta beste hainbat talderen argazki, kartel, esku-orri, aldizkari eta era guztietako materialak. Adibidez, gutun batek Jarrairen eta Albert Camusen arteko harremanaren berri ematen du, eta Mikel Forcadak eginiko eszenografia-diseinu batzuk ere ikus daitezke.

Erakusketako ikusentzunezkoen atalak aipamen berezia merezi du. Argazki eta irudi zaharrez baliatuta, garai batean antzeztutako hainbat lanei buruzko bideo-klipak osatu dituzte. «Berreskuratu ditugun irudien artean bada orain dela berrogei urte jokatu zuten `Etxahun' pastoralari buruzko film bat», nabarmendu zuen Eugenio Arozenak.

«Euskarazko antzerkia zentsuraren gurpilean 1940-80» gaur zabalduko dute, arratsaldeko zazpietan, eta inaugurazio ekitaldian Andoni Lekuonak, Eugenio Arozenak berak, Emeren Gelbentzuk eta Daniel Landartek, norberak bere ikuspegitik, gaia jorratuko dute. Jagoba Larburu Kultura zinegotziak, berriz, Arragoa proiektuaren berri emango du eta Jon Bergaretxek, azkenik, Oiartzungo Intxixu taldeak bere lanetan sartu zituen hainbat kanta kantatuko ditu.

Gaurkoa ez da erakusketaren inguruan egin duten ekitaldi osagarri bakarra. Izan ere, hilaren 28an, «Herri kantuak antzerkian eta antzerki kantuak herrian» izenarekin, Jean Mixel Bedaxagar eta Mixel Arotze arituko dira, 11etan eta 17etan, Zuberoako pastoralak eta maskaradak abiapuntutzat hartuta.

Ekainaren 1ean, berriz, garai bateko giroa oroitzeko mahai-inguru historikoa antolatu dute. Honakook hartuko dute parte: Iñaki Beobidek (Jarrai), Imanol Eliasek (Antxieta), Lukas Dorronsorok (Goaz), Sabin Irastorzak (Ereintza), Eugenio Arozenak (Intxixu) eta Daniel Landartek. 19.30ean izango da.

Ekainaren 5ean, azkenik, Joxemari Carrereren galderei erantzungo die Daniel Landartek, 19.30ean. Ondoren, Sabin Irastorzak eta Jose Aranburuk bakarrizketa bana egingo dute, Nemesio Etxanizen «Zotzean bizia» eta Toribio Altzagaren «Txingurri», hurrenez hurren.

Fitxa

Erakusketa: «Euskarazko antzerkia zentsuraren gurpilean 1940-80».

Epea: Maiatzaren 24tik ekainaren 13ra.

Lekua: Oiartzungo Udaletxeko areto nagusia.

Ordutegia: 11.00etatik 13.00etara eta 17.00etatik 20.00etara. Larunbat arratsaldean eta igandean, itxita.

Arragoa, ikerketa eta transmisioa helburu

«Euskarazko antzerkia zentsuraren gurpilean 1940-1980» Arragoak gizarteari begira egiten duen lehen ekintza garrantzitsua da. Jaboba Larburu Oiartzungo Kultura zinegotziak atzo gogoratu zuenez, orain dela bizpahiru urte, Udalak erabaki zuen Eugenio Arozenak bizitza osoan bildu duen antzerkiaren inguruko artxiboa bere gain hartzea eta horixe kudeatzeko Arragoa elkartea martxan jartzea.

Arragoaren helburua bikoitza da, alde batetik, gaur egun sakabanatuta eta askotan galtzeko zorian dagoen materiala biltzea eta, bestetik, belaunaldien arteko transmisioa ahalbidetzea. Honi dagokionez, zera esan zuen atzo Arozenak: «Gaztetxoentzat, erakusketan aipatzen ditugun gauzak beharbada `batallitak' baino ez dira izango. Baina antzerkia esperientzien pilaketa da, eta, alde horretatik, gure belaunaldikook, nahitaez, umezurtz gelditu ginen, Gerraren ondorioz. Belaunaldi gazteak ere umezurtz geratzea, oraingoan transmisio ezaren ondorioz, penagarria litzateke, eta transmisioa ahalbidetzeko zubi-lanak egin ditzake Arragoak».

Gaur Oiartzunen inauguratuko duten erakusketak bokazio ibiltaria du. Are gehiago, Larburuk beste udaleei dei egin zien espresuki erakusketa eska dezaten. Herriz herriko ibilbidea egin ondoren, Oiartzunera itzuli eta bertan modu iraunkorrean atontzeko asmoa dute.

Erakusketarekin batera, Oiartzungo antzerki taldeak protagonista dituzten liburuxka bat eta CD bat argitaratu ditu Arragoak. Arozenak aurreratu zuenez, pixkanaka-pixkanaka beste hainbeste egiteko asmoa dute Deba, Azkoitia, Donostia eta euskarazko antzerkiarekin zerikusi handia izan duten beste hainbat herritako taldeekin. Webgune batean 80 bat antzerkilan oso-osorik eskegitzeko asmoa ere badute. M.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo