GARA > Idatzia > Kirolak

bilboko VIII. herri krosa

Herritarren parte-hartzea eta euskal selekzioen aldarrikapena sustatu nahi dute

GARA | BILBO

Euskal selekzioen ofizialtasun aldarrikapena egitearren, ESAITek Bilbon «VIII. Herri Krosa» antolatu du. Atzoko prentsaurrekoan Ritxi Mendiguren eta Egoitz Askasibarrek eman zuten ekitaldiaren berri.

Ekainaren 3an izango da euskal selekzioen aldeko kirol ekitaldi hau eta Uribitarte pasealekuan izango du hasiera puntua. Goizeko 11.00etan 14 urtetik beherakoen lasterketa hasiko da eta 11.30ean, berriz, 15 urtetik gorakoen lasterketa.

Helburua, ESAITeko kide Egoitz Askasibarrek esan moduan, «ahalik eta jende gehien biltzea» da eta, hortaz, krosari «herri izaera» eman nahi izan zaio. Hala, 1.500 lagun biltzen saiatuko dira.

Lasterketaren xehetasunak

Lasterketari buruzko xehetasunak eman aurretik, herritar ororentzat dela nabarmendu zuten ESAITeko kideek.

«Argi utzi nahi diegu denei, gure irizpidea herri lasterketa izatea dela. Nahi duten guztiek parte har dezakete; sorterria edozein izanik, eta federatua egon ala ez».

Lasterketa, 15 urtetik gorakoentzat 6.500 metrokoa izango da, eta 14 urtetik beherakoentzat 1.860 metrokoa. Denbora neurketa Atletismo Euskal Federakundeko eta Batzordeko partaideek egingo dute.

Izen-ematea doakoa da gaztetxoentzat. 15 urtetik gorakoek ekainaren 3a aurretik zazpi euro ordainduko dituzte eta lasterketa egunean, bederatzi. Trukean, kamiseta tekniko bana oparituko zaie. Iaz Raquel Llamasek eta Iurgi Etxeandiak irabazi zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo