GARA > Idatzia > Euskal Herria

Baionako Sagarno Egunaren 9. edizioak orain arte bildu arrakasta lortu nahi du

Idoia ERASO |

Euskal Herri osotik heldu sagardoak dastatzeko aukera eskainiko du aurten ere Baionako Sagarno Egunak. Bihar arratsaldeko seietatik goiti hogeita bost sagardoren gustuaz gozatu eta ekitaldi kultural ezberdinekin jostatzeko programazioa prestatu du Hiruki elkarteak hiriko peña eta elkarteen laguntzarekin.

Espainako atearen inguruan Gau Eskolak, hiriko bi ikastolak eta Gure Irratiak familia guztiarentzat aproposak diren gune eta ekitaldiak prestatu ditu. «Bada haurren tokia, bada esertzeko tokia... Besta ikusteko gure eraren araberakoa da antolakuntza. Baionan bestaren kultura bada, peñak eta elkarteak badira eta berek badakite bestak zer eskatzen duen. Guk beti belaunaldien nahasketa eskatu dugu gure bestetan», adierazi zuen Hiruki elkarteko Guillaume Irigoyenek.

Jadanik ohikoak bilakatu diren haurrentzako Txotxttipirekin eta animazioekin batera joan den urtetik gidarientzat pentsatua den zerbait egin dutela azaldu zuen Irigoyenek. «Azken bi urteetan Txotxofer ere antolatu dugu, bideetan dagoen errepresioari erantzuteko. Horretarako sagarraren munduak badu bere erantzuna sagar zukuarekin. Gidariek Ipar Euskal Herriko sagardogileek egin zukua hartu ahal izanen dute sagarnoa bezala, dohainik izanen da dastaketak irauten duen bitartean».

Zalantzarik gabe Sagarno Eguna izanen da Baionan bihar eginen den ekitaldi nagusia, baina Hiruki taldeak euskal kultura zabaldu nahian egun guztian zehar antolatu ditu ekitaldiak. «Laugarren larunbat oro bezala Baionan kantua izanen da goizean. Arratsaldeko lauretatik aurrera hiriko karriketan zehar musikariak ibiliko dira Sagarno Eguna antolatzen den tokira bidean, han gero sagarno egileekin eta peñetako jendearekin estreina egiteko».

«Guk beti lotu dugu sagarnoa dantzarekin. Sagarno Eguna sortu zenean, 1999an, mutxikoak genero gisa hartuta antolatzeko ohitura zabaltzen ari zen, Patxi Perezek abiatuta. Patxi Perez beti izan da Sagarno Egunean bere taldeekin, eta aurten ere Patxi eta Konpainia izanen da bederatzietan», aipatu zuen.

Dastatze garaia bukatzean irekiren den ostatuarekin edaria eta dantza eskainiko da. Mutxikoen ondoren Larrain dantza izanen da eta gauari bukaera dantzatua emateko Kiki Bordatxo egonen da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo