GARA > Idatzia > Kirolak

ASB Baionakori partida bat irabaztea falta zaio lehen aldiz nesken euskal talde bat Elite Ligara igo ahal izateko

Egun handia izan daiteke igandea euskal errugbiarentzat eta, batez ere, emakumezkoen errugbiarentzat. ASB Baionako taldeak irabazten baldin badu, Elite Ligara igoko da, Europako Ligarik garrantzitsuenetakora, orain arte nesken euskal talde bat inoiz egon den mailara.

Jon LEUNDA

Euskal Herrian emakumezko errugbi talde batek inoiz lortu ez duena lortu dezake datorren igandean ASB Baionako taldeak. Berde-moreek Limogesen Boibigny taldea menderatzen baldin badute, Elite Ligara igoko dira, Estatu frantseseko maila nagusira, gaur egun Ingalaterrakoarekin batera, Europan dagoen Ligarik indartsuenera.

Baionarrak bere multzoan lehenengo izan dira, eta beste multzoan laugarren izan direnen aurka arituko dira. Beraz, faboritoak dira lapurtarrak. Horregatik ez ezik, nazioartean jokatzen duten bost jokalari ere baititu. Horietako hiru Estatu frantseseko selekzioan daude, eta beste bi Estatu espainolekoan.

Amets Kastrejana da taldeko jokalarietako bat, eta aste hau nola izan duten esan zion GARAri: «Aste berezia da, badakizu, dena jokatzen dugu igandean. Orain arte egin dugun guztiak ez du ezertarako balio ez badugu irabazten eta ez bagara igotzen. Kanporaketa partida bakar batera da, eta bietako inorena ez den zelai batean jokatu behar dugu. Final bat izango da, eta horrelakoetan edozer gerta daiteke», esan zuen.

Dudarik ez da emakumezkoen errugbia bultzatzeko, garrantzizkoa izango dela euskal talde bat Europako Ligarik handienetakoan izatea, eta hori hala dela baieztatzen du Kastejanak. «Dudarik gabe. Emakumezkoen errugbia ezagutzeko garrantzizkoa da. Babesleak bilatzerakoan, edo komunikabideetan agertzeko bakarrik ere asko balio du, bai eta neskentzat ere, maila handian jokatzeko aukera izango dugulako. Gero, Aviron edo Biarritz talde handiak esnatzeko ere balio baldin badu, askoz ere hobe» azaldu du.

Izan ere, Elitera igotzen badira ere, kiroletik bizi ezinik jarraitu beharko dute: «Hemen garbi dago errugbitik emakumezkoek ezin dugula bizi. Ingalaterran bakarrik atera dezakete bizimodua. Estatu frantsesean, selekzioan dauden jokalariek erabat profesionalak ez badira ere, diru laguntza bat badute, baina gainerakoek ez. Nik emakumezkoen futbolarekin alderatuko nuke», nabarmendu du.

ASB taldean, jokalaririk gehienak Ipar Euskal Herrikoak baldin badira ere, Hego Euskal Herrikoak ere badaude, eta Baionako taldeak Euskal Herriko taldea izan nahi duenez, denentzat izango da aukera, eta hori oso garrantzitsua izango da: «Garbi dago Elitera igota, errugbian ari garen emakume guztiontzat erreferentzia izango dela», dio Amets Kastrejanak. Hala ere, estatu frantsesean zaleek neskei ematen dioten bultzadaz ere txundituta agertu da: «Guk etxean jokatzen dugunean, Jean Dauguerren jokatzen dugu. Hori estadio handia da, eta askotan daudenak baino gutxiago daudela ematen du. Kanpoan, berriz, batez ere herrietan jokatzen dugunean, harmailak bete egiten dira, herri guztia doa bertara. Egia esan txunditu samartuta geratu naiz», esaten du.

talde handien babesa

ASB talde handia da, ia 100 urteko bizia duen ekipoa da, eta mutilen taldea maila nagusian ere egona da, nahiz eta hori aspaldi, oso aspaldi izan zen. Hala ere, Kastrejanak talde boteretsuen beharra sentitzen du kirol horrek aurrera egiteko: «Errugbian ere futbolean bezela garatzea beharrezkoa da. Realak, Athleticek badituzte maila nagusian taldeak, eta errugbian ere Biarritzen edo Avironen bultzada garrantzitsua izango litzateke. Gaur egun nesken talde bat herri batean ateratzen bada, oso zaila dauka aurrera egitea. Talde handi horien babesean egiten badute, askoz ere aukera gehiago izango ditu», esaten du jokalari bizkaitarrak.

Lehenik, ordea, igandeko partida dago, hori irabazi behar dute maila nagusira heltzeko. Hori lortzen badute, ordea, ez da baionarren denboraldia hor amaituko, gero, geratzen diren lau taldeek Liga jokatuko baidute. Lehenengo finalerdia, eta hori irabazten badute finala, denak ere partida bakar batera, eta inorena ez den zelai batean. Igotzeaz gain, txapela lortzea ere ez dute baztertzen berde-moreek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo