GARA > Idatzia > Kultura

Amesten hiltzea edota hiltzen amestea

Dorleta URRETABIZKAIA

Aktorea eta idazlea

Artista handienak, ametsen mundura gerturatzen dira. Nire helburua ez da errealista izatea, jendeari gertatzen zaiona modu poetikoan azaltzea baizik...». Hala esan zuen David Mamet-ek. Dali-ren margoak ere begira ditzakegu, baita Picasso eta beste hainbesterenak ere. Eta poesian zer esanik ere ez dago... Irudi eta sinboloen errege gorena dugu ametsaren erreinua. Denek egin dugu hegan, denak izan gara sakan baten gailurrean eta denek egin diogu ihes zerbaiti. Artea eta subkontzientearen arteko lotura ezin dugu ukatu. Gizakiaren iturri bezala. Guztiak bat egiten gaituen hizkuntza bezala. Denok elkartzen gaituen zubi bezala. Hizkuntza unibertsala. Denak jaio garen bezala hilko gara. Mugimendua baita bizitza. Gurpil baten etengabeko mugimendua. Antzerkia bezala. «Konflikto amaitu gabea, oraindik konpondu ez dena. Oraindik ere galderak sortzen dituena eta erantzuna bilatzera garamatzana. Galderak dauden bitartean, bizirik jarraituko dugu. Beldurrak bultzatzen gaituen bitartean mugitu egin nahiko dugu...».

Hiltzea amestea dela eta amestea hiltzea dela esaten dute... Biribiltasun honetan murgilduak jaiotzen eta hiltzen omen gara guztiok behin eta berriz eta Indiako kultura zaharraren arabera, heriotza bera ere, hasiera bat besterik ez da. Zirkulua. Izkinarik gabeko jarraitasun etengabea. Ametsa eta errealitatea bat bilakatzen diren lekua. Denbora eta espazioa desagertu egiten diren lekua. Ametsa. Espazio hutsa. Folio zuria. Arteak sustraien bila garamatza, gizaki egiten gaituen «horren» bila.

Jaio, hil, jaio, hil eta berriz ere jaiotzera garamatzan gurpil horretara gerturatu nahi gaitu. Erantzunik gabe. Galderetatik abiatuta. Heriotzari aurre hartu nahian. Bihotzaren hizkuntza ulertu eta ametsen mundura gerturatu nahian. Gizakiago bilakatu nahian. Bata besteaz gertuago sentitu nahian.

Besaulki berean eserita baikoaz guztiak bizitzaren bidaia honetan. Antzezpen bera esperimentatzen dugu guztiok behin eta berriz. Amesgaizto berdinak bizi ditugu guztiok: maitasuna, heriotza, bakardadea eta mina. Mito zaharrak behin eta berriz errepikatuz. Esnatuz. Edota lokartuz. Edota hilaz. Edota jaioz. Behin eta berriz. Antzerkia bezala. Zergatik? Beldurra duelako. Galderak dituelako. Bizirik dagoelako. Gu geu bezala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo