GARA > Idatzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Azkena ematen, azkena jotzen

Hauteskunde kanpainari azkena ematen dabiltza alderdi politikoak. Gogorra, gero, kanpaina. Niri, behintzat, hala gertatzen zait. Hasieran ez, hasierakoa polita iruditzen zait... tira, egia esango dut: barregarria. Hautagaien antzezpena, haien aurpegietako zintzotasuna eta irribarre disekatuak, paskinetako photoshop erakusketa bikainak. Telebistan PPrena iruditu zait onenetakoa... barregarrienetakoa. Lehenengo euskal hautagaiak agertzen dira, moderno-moderno, baina pasatu gabe -hori harako Candidorentzat uzten dute-, eta ondoren Rajoy, inguruan zenbait hautagai espainol dituela. Marketin aholkularia imajinatzen dut: «Ea, denok Marianoren atzean, berari begira, mirespenez, baina irribarrez». Eta, irakurle, egizu proba: kendu bolumena. Umore programa horietakoa irudituko zaizu, lagun bat txisteak konta eta konta eta besteak haren atzean keinuka, buruarekin baietz egiten, irriz. Orduan, marketin aholkularia: «Naturaltasunez!».

Kanpainan politikariak herritarrengandik hurbilago omen daude. Hau ez da txantxa, ordea. Ikastetxe sarreretan dagoeneko ez dute drogarik banatzen, baina egunotan han, eta nonahi, ikusten ditugu hautagaiak alderdiko puxikak banatzen, eta nola ulerrarazi haurrari alboko plazan banatzen dituztenak hobeak direla, auditoriuma etxe ondoan eraikitzearen aldekoak baitira? Kanpaina bukatutakoan ikusi ere ez ditugu egingo, nahikoa lan dute-eta erabakiak hartzen. Herritarrek erabaki horietan parte hartu nahi badute ere, ez dituzte hartuko, hain daude lanpetuta.

Kanpainari azkena ematen dabiltza, beraz, eta ezker abertzaleak azkena jotzen omen dihardu. Izan ere, eta egia izanda deserosoa izan behar duela norberaren zerrendak atzera bota izana, gorriak eta beltzak ikusten ari dira bizkarroi kutsatuen protestak jasan behar dituztenak. Oker ez banago, Balendin Enbeitari irakurri nion harako «hau zoritxarra, zuri aita hil eta niri boligrafoa galdu», egoera ilustratzeko balio duena. Batek inoizko beldur ikaragarriena sentitu omen zuen, besteari ez dakit zenbat hezur hautsi zizkioten, nonahiko tertuliakideen arabera. Ospitalera ezker abertzaleko protestagileak eraman behar izan zituzten, baina horiek ez dira beldur izaten, bizkartzainek eta ertzainek jipoitzen dituztenean, gogotik egiten dute barre. Azkena jo? Nork, baina? Nolanahi ere, lasai, kubatarrek esaten duten moduan, hay más tiempo que vida.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo