GARA > Idatzia > Gutunak

Amaia Erdozia Anso Etxarri Aranatzko EAE-ANVko hautagaia

Igandean, injustizia handi baten garapena

Etxarrin beste herri askotan bezala igandean injustizia handi baten garapena egingo da. Ehunka herrikidek ezingo dugu gure nahia era demokratiko batean adierazi. Zerrenda ilegalizatuak osatzen ditugunok ez baitaukagu eskubiderik politikan aritzeko gure pentsamolde, iritzi eta ideiak baztertzen ez baditugu.

Egoera horretan Etxarrin zerrenda bakarra lehiatuko da Udalerako. Argi dirudi Na-Baik alkatetza lortzeko aukera daukala. Dagokien zinegotziak «bakarrik» hartzeko asmoa duen zurrumurrua iritsi zait. Gaitzerdi, ez dagokizuna hartzeari lapurreta deitzen baitzaio. Baina egoera antidemokratiko horren arazoa hortxe jarraitzen du, gutxi edo asko izan dagozkien zinegotziak, alkatetza eta Udalaren kontrola haien esku egongo dela bermatua daukate.

Hala ere behin da, berriz esan digute alderdi honetatik haiek ere egoera hori justizia eta demokrazia ezaren erakusgarri bezala ikusten dutela. Inozenzia puntu handi xamarra izango da nerea, baina nik sinetsi nuen esaten zidatenean egoera horri aurre egiteko zerbait egiteko prest egon zitezkela. Usteak erdi ustel, arazo horretaz aritzeko hitzemandako bilera bertan behera utzi dute, inoiz egingo den argitu gabe.

Pentsa dezaket Na-Bairentzat bezela Etxarriko alkatetza goxoki desiragarria dela eta beren poli-tika alde batera uzteko prest daudela; Etxarriko eskuinari aurre egiteko Etxarriko eskuina erabiltzea dela beren aukera ezkertiarra; Haienak ez diren herritarrei udaletxean parte hartzen utziko ez dietela; demokrazia oso bitxi batean oinarrituko direla eta zerrenda bakarreko aniztasunarekin bizikidetasuna era ikusgarrian hobetzeko asmoa dutela.

Baina zerrenda osatzen duten pertsonarengandik hori baino zerbait gehiago espero nuen. Oraindik badaukazue nere lehen usteak egiaztatzeko aukera. Udal demokratiko bat lortzeko aukera badago. Ez ezazue egoera horretan Udala eratu eta hemendik sei hilabetetara, denon artean eta egoera erosoago batean aurkezteko aukera jorratuko dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo