Andres Osa, Sakona
Boto ilegala herriaren labela
Printzipio batzuk ongi sustraituta ez daudenean noraezean ibiltzen da. Izan ere, hauteskundeak gainean dira, beno, hauteskundeak! zerbait esateagatik. Hemengo alberdi handi, ertain, txiki eta kaskarrak, Alderdien Legea hitzez txartzat eman bai baina, barruko gozamena disimulatu ezinean dabiltza ezker abertzalearen kontura aulkiak gehitzeko batzuk eta txiki eta kaskarrak berriz aulkitxoren bat izateko irrikan.
Gauza bat dago garbi aurrera egingo bada, orain arteko esparro estatutarioa hobetuta soilik askatasun trena ezin da mugiarazi. Egiteko dagoena da bultzatu beharrekoa, hau da, herriaren erabakia, autodeterminazioa lortzen saiatu. Hauteskunde horietan ezker abertzaleak asko du jokoan. Indarrez `hordagoa' botatzen ez bada atzerapauso larria eman daiteke. Aipatu ditugun alderdi horientzat ezker abertzalea kanpoan laga eta bidea libre aurkitzea da biziki nahi dutena. Esan bestela Azkunari, «Udalean izan ez ditugunean lasai izan gara, nahasteko besterik ez daude». Benetako aldaketa honetan legoke: «Erabakitzeko eskubidea eta herriak erabakitzen duena errespetatzea berezko eskubideak dira, hori ezin da jarri mahai gainean, hori ezin da negoziatu». Ibarretxek esana da.
Premiazkoa da naziotasuna, lurraldetasuna, herriaren hitza errespetatzea. Autodeterminazioa eta bi estatuekin Euskal Herriak duen gatazka politikoa konponbidean jartzea. Askatasun prozesua (barkatu baina «bake prozesua» erabiltzea ez da zuzena) irekitzeko, gidaritza zuzena, koherentea, herriaren nahiarekin leiala izango dena ezker abertzale indartsua behar da. Boto ilegalizatuak berdin legalak behar dira eta asko gainera.
Presoak eta herritik kanpo dauden hainbeste ekintzaileen eskubideak aldarrikatzeko eta beraiekin solidarizatzeko izan behar du ezker abertzalearen botoak. Eskuak garbi eta kontzientzia zeharo zikinduta dutenen jokabidea salatzeko ilegalizatuen boto oldeak asko balioko du. Inkomunikazioaren eta torturaren aurrean gehienez ere kondena hitza eta berau epela erabiltzen dute segidan torturatzaileen nagusiekin batzarrak, akordioak, zer ez! egiten ari diren jokabidea salatzeko izan behar du bozketak. Milaka gazte adineko, familia edo senitarteko inkomunikazioaren eta torturaren sufrimendua, sufrimendu beldurgarria jasaten ari dira. Bitartean zer egiten dute legal horiek?
Ilegalizatuak dira parasitoak, kaparrak (Imaz, Azkuna), biktimistak (Urkuilu) eta zer ez! Biktimistak omen dira. Eskubide demokratiko guztiak zapuztuta ilegalak, jipoituak, kartzelatuak, pertsegituak, baztertuak, irainduak... Hala ere, «biktimismoa» omen. Politiko horiek gaiztoak, txarrak ez ezik, tentelak badira. Zenbat segapoto gorbatadun dilin-dalan dabiltzan. Esaten den bezala «incapaz de sacramentos».
Ezker abertzaleko buruak edo gidaritza daramatenak pasatu behar dutena pasatuta, izan behar duten pazientzia, irentsi behar izaten dituzten zapoak, irainak, mesprezuak eta adar jotzeak merezi du esker oneko botoa emanda bultzada ematea.
Eman botoa daukagun apurra ez galtzeko eta, galdu dutenei «hemen gaude!!!» esateko.