GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Ezker abertzalearen alde!

Guk, aralarkide ohiok, ez dugu deus eginen ezker abertzalearen zokoratzea eta banaketa areagotzeko. Alderantziz, saiatuko gara ezkerraren eta abertzaletasunaren premisetan oinarrituta, ezker abertzale indartsu eta anitza osatzen

Idazki hau izenpetzen dugunok -lehenik Aralar Ildoa eta gero Aralar alderdiaren sortzaileak, eta egun kide ohiak- beti identifikatu izan gara ezkerreko planteamenduekin, eta gure burua abertzaletzat jo izan dugu. Gaur ere, printzipio ideologiko eta estrategiko berberei eusten diegu.

Ezker abertzaleak, beste sektore batzuen laguntza ukaezinarekin, urtetan eraman duen borroka eredugarriari alderdiren batzuek etekin ederra atera izan diote eta ateratzen diote. Eta gainera eskuin klaudikanteak zuzenki jotzen du ezker abertzalearen kontra. Bitartean, militante xeheak errepresioa, bazterketa, eta askatasun eta eskubideen murrizketa besterik ez du jaso.

Jakin badakigu, gure Herria desagertarazteko, ezker abertzalea suntsitzea dela zapaltzen gaituzten bi estatuen lehenengo helburua, ederki asko dakitelako erresistentziarekin bukatuz gero beste inork ez diela aurre eginen, eta mendeetan izandako xedea lortuko dutela. Baina azken urte hauetan ezker abertzalearen aurkako erasoa, zeina benetan oinarrizko eskubideen kontrakoa den, marka guztiak hausteko modukoa izaten ari da.

Esan beharra dago egoera honetara ez garela iritsi kasualitatez. Aldez aurretik bidea prestatu behar zen, baldintza egokiak eta aproposak sortu behar ziren.

Itun «Antiterrorista»ren gerizpean (ez ahantzi, Ajuria Enekoa aintzindari izan zela) aldizkari eta egunkariren hertsierak jasan behar izan ditugu. Erakunde politikoen deuseztapena, eta Herri gisa lotura ematen digun instituzioaren -Udalbiltza- ilegalizazioa amorruz eta inpotentziaz pairatu ditugu. Zer esan preso politikoen egoera infrahumanoaz, hainbeste erakunde eta alderdi isiltzen diren bitartean, edo gure hizkuntza nazionalaren aurkako mota guzietako erasoez.

Makilkadak beti berberek jasotzen dituzte, eta berbera da ere erasoak direnean oldartzen den sektorea -batzuetan asmatuta eta besteetan ez-. Horregatik, norbait bakean interesatua baldin badago herri zapaldua da, bere aurka sortu duten gatazkaren biktima nagusia bera baita. Justizian eta askatasunean oinarritzen den bakea behar da, ordea. Ezin daiteke onar gure herria desagertzera eramaten duen «pazifikazioa». Sasi-bakeak ez luke deus konponduko, batzuentzat irtenbide interesatua izan arren.

Batzuek, ordea, beti daukate aitzakiaren bat ez mugitzeko. Eta gainera, ez dute aukerarik galtzen ezker abertzalea, aldi oro, eten gabe eta gaia edozein delarik, kriminalizatzeko: terroristak, biolentoak, ez-demokratak, inposatzaileak, arrazistak... Ilegalizazioa ondorio «logikoa» da.

Su-etena eskatzen zen, prozesua erraztuko zukeela argudiatuta. Hiru urte eta erdi da alde bateko ekintza hilgarririk gabe, Barajaskoa salbu. Su-etenak urte bat baino gehiago darama, bere salbuespenekin nahi bada, baina hor dago. Prozesua aitzina eramateko borondate garbia.

Estatu espainolak, ordea, ez duela deus egin ez dugu guk esaten, haiek baizik. Eta Alderdien Legeari dagokionenez, alderdi «abertzale» eta «aurrerakoi»ek omen daude kontra, baina jarraian ezker abertzalea hauteskundeetan ez egotearen erantzunkizuna ezker abertzaleari berari leporatzen diote.

Konsziente izan behar dugu azken denboretan ezker abertzalearen eraginak mugatua irudi baldin badu, bere hutsez aparte, erasoak alde guzietatik etortzen zaizkiolako da. Bitartean zenbaitek ezker abertzaleko erakundeekin lehentasunezko harremanak aldarrikatzetik, haiekin izan ezik edozeinekin elkartzera pasatu dira. Adibide objetiboa dugu zer nolako koalizioak osatu dituzten hauteskundeetara aurkezteko.

Beraz, guk, aralarkide ohiok, ez dugu deus eginen ezker abertzalearen zokoratze eta banaketa areagotzeko, alderantziz, saiatuko gara, ezkerraren eta abertzaletasunaren premisetan oinarrituz, Ezker abertzale indartsu eta anitza osatzen, herri honen askatasunaren motorea bera delako. Hori dela eta, hurrengo hauteskundeetan, aurkezten utzi edo ez, edozein formula delarik ere, Aralarkide fundatzaile eta kide ohiok ezker abertzalearen aldeko hautua egin dugu prozesu politiko berria sustatzeko eta egiazko aldaketak bultzatzeko. Guzti honengatik botoa ezker abertzaleari ematera animatzen dugu, benetako boto utila delako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo