Jokin Zaitegiren eta Xabier Lizardiren gutunak jasotzen dituzten liburuak, kalean
GARA | DONOSTIA
Gipuzkoako Foru Aldundiak Jokin Zaitegi eta Xabier Lizardi idazle klasikoen gutunak jasotzen dituzten liburuak aurkeztu zituen atzo; Paulo Iztueta, Lourdes Otaegi eta Jon Diez irakasleek jaso dituzte liburuen idatziak.
Alegia, Diputazioak azaldu bezala, «Memoria, identitatea eta giza eskubideak» izeneko lan ildo bat badu zabalik, «gure memoria histori- koak zabalik jarrai dezan». Bere esanetan, 36ko Gerraren 70. urtemugak «gure memoria aldarrikatzeko aukera ematen digu», baina zera ere erantsi zion horri: «urteurrena ez da gertakizun jakin batzuk gogoratze hutsa; gerrateak esparru askotan izan zuen eragina gogoratzeko e-re balio du. Horietako bat da zentsurak eta errepresioak literaturan eta pentsamenduan eragin zituzten amaiera, batzuetan, eta erbeste- ratzea, beste batzuetan».
Biografiaren azterketak eta gutunenak gero eta garrantzi handiagoa dute gizarte zientzietan eta, bereziki, literaturan, historian eta soziologian, egileak eta garai oso bat ezagutzeko, iritzi zioten. Eta, arlo horretan, Jose Mari Agirrek, Xabier Lizardik, idatzi gutunak «oso aberasgarri dira joan den mendeko lehen herena ezagutze aldera, eta bereziki gerratearen testuingurua, Lizardiren dimentsio politikoa ere aintzat hartuz».
Hori guztia kontuan hartuta, bada, Paulo Iztuetak eta Lourdes Otaegik proiektu bikaina egin dute poetak idatzi gutunak berreskuratuz eta aztertuz, «hartara zubi bat eraiki dadin gure historiako garai baten eta orainaren artean. Xabier Lizardi lehen euskal poeta izanik lengoaia poetikoa osatzen, erromantizismotik sinbolismorako zubi», Aldundiaren esanetan.
Lizardiren gutunak liburu bakar batean jaso dira -mila ale argitaratuko dira-. Jokin Zaitegirenak, aldiz, hiru liburutan kaleratuko dira; lehenengoan, Zaitegiren liburukiak bilduko dira eta beste bietan, hari egindakoak.
«Izanaren neurriko izena»
Paulo Iztuetak eta Jon Diez EHUko irakasleek jaso dituzte, hain zuzen ere, Zaitegiren gutunak eta hari egindako gutunak ere. Egilearen beraren eta bere garaiko testuinguru soziokulturala ezagutzeko tresna baliosoa da, bereziki Gerra osteko erbesteko kulturgintzan.
Zaitegi euskal letrek izan duten humanista klasikorik handienetako bat da, jesuiten eskolan bikain prestatua, hainbat hizkuntzaren jabe, unibertsitate-irakaslea eta idazlea, atzo gogorarazi bezala. Kultur eragile gisa hor dago «Euzko Gogoaren« ekarria.
Bada, gutun hauek egilea bera pertsona bezala, bere osotasunean, ezagutzeko beta eskaintzen dute. Eta, Gerra aurreko eta ondorengo euskal letren egileak eta eragileak hobeto ezagutzeko ere balio dute, «erbesteko euskal idazleen historia bat badela jakiteko, historia horren egile bakoitzari dagokion lekua aitortzeko eta, batez ere, erbesteko ibilaldi luze eta ilunak baztertua utzi duen arrasatear honen izanaren neu- rriko izena berreskuratzeko».